Hamabost urte beteko ditu Hernaniko Kronikak ekainaren 23an. 2000 urtean sortu zen, hiru oinarri nagusirekin: herriko informazioa jaso eta ematea, euskeraren normalizazioan eragitea eta gizarte integrazioan eragitea. Oinarri horiei sendo eutsiz, eboluzioa etengabea izan da. Hamabost urte daramazki Hernaniko Kronikak kalean, eta horren adierazle da gaurko zenbaki borobila: 5.000garren alea.
Astean bost egunetik, egunerokoa izatera
Sorrerako urte haietan, astean bost egunetan argitaratzen zen Kronika, A3 formatuan. Beharrak hala eskatuta eman ziren hurrengo pausuak: eguneroko izatea, lehendabizi; eta asteburuetan orri gehiago izatea, ondoren. Hala, Kronika euskera hutsean egunero argitaratzen den egunkaria izaten ari da urte luzez.
Bailarara, salto
2014ko martxoaren 1ean, bailarara salto egin zuen Kronikak. Ordutik, Urumeako Kronikak edizio bateratua argitaratzen du larunbatetan, Hernani, Ereñotzu, Astigarraga, Arano eta Goizueta herriak biltzen dituena. Astigarragak ere, Kronika propioa du data horretatik: asteazkenetan argitaratzen da, A3 formatuan.
Herritarrak, ardatz
Kronika herritarrek egiten dute posible, hori baita egunkariaren ardatza: informazioa herritarrekin lantzea, jaso eta ematea. Herritarrekin hamabost urteak ospatze aldera, ekitaldi bat antolatzeko asmoa du Kronikak, datozen hilabeteetan.