Urteak daramazki AMHERek etorkinen integrazioa eta finkatzea errazten. Bide horretan, ekintza ugari antolatzen ditu herrian, eta denen artean bada bat, sekulako arrakasta izaten duena: Jaialdi Gastronomikoa. Hernanin bizi diren kultura guztiek egiten dute bat, jaki goxoen artean. AMHER Kronikari aitortu izan dion moduan, «ingurua ezagutuz hasten da bat bizitzeko aukeratu duen lekua maitatzen».
Eguraldiak laguntzen badu, Plaza Berrin, 12:00etatik 14:00etara izango da jaialdia. Hogei herrialdetako gazi-gozoak izango dira aukeran; eta nahi izanez gero, errezeta eskuratu ahal izango da. Umeentzako arto-irinen tailerra ere antolatu dute aurten. Eta musika, erakusketa eta informazioa ere, ez dira faltako.