«Hara! hau hemen al zegoen?»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 6a, 02:00

Azken urteetan bezala, hernaniarrek ere aukera izan dute herriko turismo eskaintzaz gozatzeko. Udaleko Turis­mo Sailak antolatuta, bi plan egin ahal izan zituzten Ostiral Santu egunean, debalde.
Goizeko plana, bisita gidatua eta sagardo kata gidatua izan ziren. Goizeko 10:15 aldera, 20 bat lagun elkartu ziren Biteri kanpoan eta bisita gidatuarekin hasi ziren, Kaxko historikoan zehar. Honako lekuak bisitatu zituzten, besteak beste, Maria Eizagirre Turismo Bulegoko arduradunaren eta gidaren azalpenek lagunduta: Biteri, Agustin­darren konbentua, Kale Nagusiko XVIgarren mendeko Dorretxea eta Aierdi etxea, XVIIIgarren mendeko eraikinak, Beroiz enea, Portalondo etxea edo jentilen dorretxea, Andre kaleko Erdi Aroko etxearen perfila, hirira sartzeko arkua, Gurdarien plazako XIXgarren mendeko eraikun­tza, San Joan Bataiatzailea parroki-eliza, udaletxea, guru­tze santuaren otoitz lekua, Leoka garbilekua…
Herritarrek gustora egiten dutela bisita eta asko harrituta ere geratzen direla dio Eizagirrek: «Askok ez dute ohiturarik gora begiratzeko, nahiz eta urteetan bizi herrian, eta askok esaten dute: Hara! Hau hemen al zegoen?».

Tren Berdean, Itxas-Buru sagardotegira
Ordu, ordu eta erdi inguruko bisitaren ostean, Tren Berdera igo, eta Itxas-Buru sagardotegira joan ziren. Bertan, sagardo kata gidatua egin zuten. Eta hura bukatzean, buelta berriz herrira. Denera, 3 ordu eta erdi inguruko esperientzia izan zen.  
Pixkanaka herritar gehiago dira halako eskaintzak aprobetxatzera animatzen direnak: «Bereziki herritarrei begirako eskaintza da Ostiral Santukoa, bertan geratzen direnak kontuan hartuz egindakoa, eta jendeak gustora hartzen duela ikusi dugu. Iaz ondo egon zen, 10 bat lagun animatu ziren, eta aurten bikoiztu egin da», dio Gurutze Amigorena Turismo teknikariak.

Tren Berdeak, arrakasta
Arratsaldean, Hernani, Tren Berdean ezagutzeko aukera izan zen. Batez ere, umeei zuzendutako eskaintza izan ohi da eta aurreko urteetan bezala, arrakasta izan du.  
20-25 inguruko buelta ederra ematen du Tren Berdeak, herrian barrena. Urbieta kaletik ateratzen da, taxi parada ingurutik, eta Zinkoenea aldera egiten du. Handik, Izpizua kaletik barrena igotzen da. Ondoren, udaletxe aldera egiten du eta Atzietatik jaisten da berriz, Antziolara. Ave Maria parke ingurutik pasa eta kaxko aldera bueltatzen da.

«Herritarrek gustora hartzen dute Ostiral Santuko eskaintza berezi hau. Bisita gidaturako 20k eman dute izena, iazko kopurua bikoiztu da, eta Tren Berdeak beti du arrakasta»

Aukera zabala, apirila osoan
Ostiral Santukoa berezia izaten da eta doakoa, baina nahi duenak aukera du eskaintza turistiko hauetaz gozatzeko, apirilean zehar. Honako aukerak daude, asteburuetan: Hernani, erdi aroa, sagardoa; Ibilbidea Tren Berdean; eta Bisita gidatua hirigunean. Informazio gehiago: www.hernaniturismoa.eus edo 943 33 70 28.

Turistak, sagardoa ezagutzera
Aste Santuko mugimenduaren inguruan galdetuta, orain arte, beste urteetan baino jende gu­txixeago ibili dela dio Eiza­gi­rrek: «Orain ari da indarra hartzen, azken egun hauetan mugimendu gehiago izan da. Egia esan, eguraldiak ez du askorik lagundu orain arte».
Txotx denboraldiari begira etortzen direla turista gehienak gaineratu du eta batez ere, Euskal Herrikoak eta estatu mailakoak direla: «Txotxa ezagutzera eta sagardoaren Kultura ezagutzera etortzen dira orain denak. Asko gusta­tzen zaie».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!