San Joanak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartu nahi duenak bihar du lanak entregatzeko azken eguna. Biteri kultur etxera eraman behar dira, 18:00ak eta 20:00ak bitartean, sinadurarik gabe, kartazal itxian, egilearen izena, helbidea eta telefonoa jakinaraziz.
Urtero bezala, nahi duenak hartu dezake parte eta honakoak dira lanek bete beharreko oinarriak: 32cm-ko zabalera eta 48cm-ko altuera izan behar dute; paperean edo kartoi lumazko euskarrian entregatu behar dira; kolore guztiak eta edozein modalitate artistiko onartuko dituzte. Lana formatu digitalean ere aurkeztu behar da, aurreko neurri berdinekin, baina 300ppp-ko erresoluzioarekin, eta CMYK formatuan. Izenburua ere izan behar du: San Joan jaiak. Hernani 2015.
Irabazlea maiatzaren 4a baino lehen aukeratuko dute. Irabazlea San Joan Jai Batzordean aukeratuko da, eta Kultura Batzordeak berretsiko du. Saria bakarra izango da: 600 eurokoa. Saritutako obra Udalaren jabetzan geratuko da, eta gainerakoek maiatzaren 29a baino lehen erretiratu behar dituzte, bestela Udalaren esku geratuko dira. Norberak izango du aurkezten duen lanaren erantzukizuna.