Pasa den asteburun, Artikutzan izan dira Hernaniko Bertso Eskolako ikasle eta irakasleak. Denera, 8-17 urteko 20 gaztetxo, eta 5 irakasle. Giro ederrean ibili direla eta oso ondo pasa dutela azaldu diote Kronikari. Bertsotan aritu dira, noski, baina horrez gain, ingurunea ezagutu dute, mendi irteerak egin dituzte, frontoian aritu dira...
Finalerako prest
Bertso Eskolak urtero egiten du irteera gaztetxoekin. Gipuzkoako Eskolarteko finalera begira, entrenatzeko erabiltzen dute. Aurten gainera, bi hernaniar izango dira finalean: Andoni Mujika eta Beñat Mujika. Andoni Lasarteko kanporaketan sailkatu zen eta Beñat, Zarautzekoan. Finala, apirilaren 26an izango da, Irunen. Ohi bezala, Gipuzkoako Bertso Eskolen eguna antolatu dute eta bere barruan jokatuko da finala. Egun osoko egitaraua prestatu dute.