Animalien Ordenantzan aldaketa bat egitea onartu zuen arteartean, Plenoak. Egin diren eskaerak kontuan hartuta, 24garren artikulua aldatzea proposatu zuen Gobernu Taldeak. Aldaketa horrekin, arriskutsuak izan ez daitezkeen animaliek aske ibiltzeko aukera izango dute zenbait parke edo eremutan (Garcia Goldaraz, Atzieta, Aristizabal, Lizeaga, Iturmendi, Karobieta eta Urbieta), ordutegi jakinean. Ordutegia: 19:00-08:30. Eta honako esaldia ere gehitu da: «Etorkizunean, parke edo eremu horietako bat hesituko balitz, animaliek libre ibiltzeko aukera izango dute (ordutegirik gabe)». Gobernu Taldearen aldeko botoekin, PSE-EE eta H1!en abstentzioarekin, eta EAJ-PNVren kontrako botoekin onartu zen. EAJ eta PSE-EEko ordezkariek azaldu zuten aldaketa ez dela nahikoa, leku bat egokitu behar zela ordutegirik gabe ibiltzeko.
Orain, 30 egunez ikusgai egongo da eta alegazioak jartzeko aukera izango da.
Udalaren ekonomia, egoera onean
2014 urtearen emaitza ekonomikoaren berri eman zen. 2014 urteko gastuak 23.296.396 euro izan dira, eta sarrerak 25.883.162 euro. Hori horrela, urteko aurrekontu emaitza 3.310.321 eurokoa izan da. Aurreko urteetako emaitza kontuan hartuta, Hernaniko Udalak pilatuta duen emaitza edo gerakina (aurrezkia), 5.405.220 eurokoa da. Gerakin hau erabili behar du Hernaniko Udalak, besteak beste, 2014 urteko aurrekontutik egiten ari diren baina burutu ez dituen inbertsio eta zenbait gastu 2015 urtean exekutatzeko; guztira, 1.653.545 euro. «Orokorrean esan daiteke, azken urteetan Hernaniko Udalaren finantza egoerak hobera egin duela nabarmen», azaldu zuen Aitor Miner ogasun zinegotziak.
Garapen Agentziaren inguruko mozioa, onartu gabe
Beterri Garapen Agentziaren inguruko mozioa aurkeztu zuen EAJ-PNVk eta ez zen onartu Gobernu Taldearen kontrako botoekin. Oposiozioak alde bozkatu zuen.
Alkateak azaldu zuen mozioan biltzen dena ez dela erabat zuzena eta nahasten ari direla hainbat kontu: «Ados ez daukala forma juridikorik, baina esaten da garapen agentziak jarduerarik ez daukala eta hiru herri bakarrik ari garela lanean. Hori ez da egia». Hori baieztatzeko, enpleguari begira, urteetan zehar 6 udalerriek elkarlanean egindako hainbat proiektu eta egitasmo aipatu zituen. «Lanean aspalditik ari gara eta orain egin duguna da, proiektu guzti horiei osotasun bat eman eta etxe bat jarri Gabriel Zelaian. Eta forma juridikoa ere emango diogu», gaineratu zuen.
Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak azaldu zion mozioak ez duela hitz egiten orain arte egindako lanaren inguruan, Beterri Garapen Agentziaren inguruan baizik: «2014 urte bukaera arte negoziatzen aritu ginen Buruntzaldeako Garapen Agentzia sortzeko. Figura juridikoa sortu behar zenean, negoziazioak moztu ziren. Eta lau hilabete beranduago oraindik ez dela garapen agentzia sortu salatzen dugu. Izena ere ez dakit zergatik aldatu diozuen. Ez bada forma juridiko bat eman, ez da sortu agentzia, eta hori dio mozioak. Eta horrez gain dio, ez duela herri guztien babesik, ez delako pleno guztietatik pasa».
Udal Legearen eta torturen kontrako mozioak, onartuta
Jaurlaritzak bultzatu duen Udal Lege egitasmoaren aurrean ere, mozio bat bozkatu zen, puntuz puntu. Puntu guztiak onartu ziren. Laburbilduz: «Hernaniko Udalak Jaurlaritzari eskatzen dio, lege egitasmoaren prozeduran epea luzatu dezala, Udalei ekarpenak egiteko aukera irekiz. Udal zein Toki Entitateen autonomia indartzeko norabidean urratsak emateko deia egiten dugu».
Otsailaren 13an 34 urte bete ziren Joxe Arregi hil zela Polizia Nazionalak torturatu ostean, eta torturaren aurkako eta giza eskubide guztien aldeko mozioa ere onartu zuen Plenoak: «Komisarietan tratu txarrak ahalbidetzen dituen legedia idargabetzeko eskatzen dugu. Eskubide honen urraketa jasan duten pertsonen sufrimendua aitortu eta erreperatzea. Eta Auzitegi Nazionalari eskatzen diogu tortura eta inkomunikazioa jasan dituzten atxilotuen kontrako prozesu judizialak bertan behera uzteko». Alderdi guztiek alde bozkatu zuten, PSE-EEk izan ezik. Abstenitu egin ziren.
Mozioak: kronika.eus.