«Sagardotegiak ez dira Aste Santuetan ixten» hitzak azpimarratu zituzten astelehenean, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Sagardogileen elkarteko presidenteek. Prentsaurrekoa eman zuten astelehenean Iparragirre sagardotegian, eta azaldu zuten, Sagardotegi ia denak apirila eta maiatzean zabalik dituztela ateak, eta gogoratu zuten, geroz eta gehiago direla txotx garaia uda edo urte bukaerara arte luzatzen dutenak: «apirila eta maiatzean irekita daude, eta giroa egokia da sagardoa edateko. Sagardoa egina dago kupeletan, edateko punturik onenean».
«Jende dezente dabil»
Txotx garaiaren aurreneko balorazioa egin zuten: «jende dezente dabil sagardotegietan. Urtarrila eta otsaila hotzak izan dira, baina martxoa ona izan da eta apirilean ere jendea ari da erreserbak egiten». Joerei helduta, diote: «azken urteetako aldaketa nabarmena da, eta jendea larunbat eguerditan etortzen da gehien; astez gutxiago». Larunbat eguerdiko jende pilaketak sortu ditzakeen egoerak ere sektorea kezkatzen dutela diote, eta hausnartzen ari direla zein bitarteko jarri eta zein neurri hartu.
Bestalde, zehaztu zuten sagardotegiek urtean 800.000 bisita inguru izaten dituztela, eta lanaldi osoko 400 lanpostu sortzen direla, besteak beste.
Urte osoan zabalik izateko baliabide gehiago
Gaur egungo baliabideei esker, urte guztian izaten dute sagardoa kupeltegian, eta ondorioz, geroz eta gehiago dira txotx garaia urte guztira zabaldu dutenak edo otorduekin batera, sagardoa botilatik urte osoan eskaintzen dutenak.
Bestalde, sagardoarekin lotutako bestelako produktu eta esperientziek ere geroz eta tiradizo gehiago dute.