Eskualde mailan, hainbat ekimen antolatu ditu Elkarbizik, indarkeriagatik kaltetutako elkarbizitza bere onera ekartzeko asmoz. Elkarbizitzaren zoru etikoa eraikitzen jardunaldien barruan izan da, eta gaur bukatuko da Bakerantza dokumentalaren emanaldiarekin. Kasu honetan, Lasarte-Orian izango da, Manuel Lekuona kultur etxean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Iritzien arteko kontrastea
Sei dira dokumental honetako protagonistak: Kepa Pikabea preso ereñotzuarra, Maite Goizueta (Pikabearen bikotea), Juan Carlos Ioldi, Sabino Aiestaran, Edurne Brouard eta Cristina Sagarzazu.
Halaxe dio dokumentalaren sinopsiak: Indarkeriaren tuneletik ateratzeko egin behar den bidearen inguruko iritzia jasotzen du filmeak. Iritzien arteko zenbait kontraste agertzen dira. Batez ere, ETAkide izan ziren Ioldi eta Pikabearen artekoak. Adierazpen humanoekin batera, diskurtso eta arrazonamendu politikoagoak ere entzun ahal izango dira.
Elias Querejetaren ideia batean oinarrituta, Eterio Ortegak zuzendutako dokumentala da.