«Txotx garaia ez da aste santuan bukatzen eta orain dago sagardoa bere onenean»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 31a, 02:00

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako sagardotegiak ez dira Aste Santuetan ixten, eta hala azpimarratu zuten atzo, Iparragirre sagardotegian eskainitako prentsaurrekoan, lau herrialdeetako lehenda­kariek. «Apirila eta maiatzean irekita daude sagardotegiak, giroa egokia da sagardoa edateko eta sagardoa ere egina dago kupeletan edateko punturik onenean», gaineratu zuten. Horrez gain, nabar­mendu zuten  hozteko sistema egokiak sortzearekin, geroz eta gehiago direla txotx garaia uda bukaera arte edo urte osora zabaltzen dutenak.

Balorazio ona
Aurtengo txotx garaiaren lehenengo balorazioa ere egin zuten eta jende dezente dabilela azaldu zuten: «Urtarrila eta otsaila nahiko hotzak izan dira, baina martxoa ona izan da eta apirilean ere jendea ari da erreserbak egiten». Batez ere, Hego Euskal Herriko jendea dabil. Eta Bartzelona, Madril, Iparraldea edota Frantziako jendea geroz eta gehiago etortzen da sagardotegietara eta beste herrialdetako jendea ere geroz eta gehiago ikusten da, sagardogileen esanetan.

Jendea, larunbat eguerditan
Ohiturak aldatzen ari direla  eta azken urteetan, jendea larunbat eguerditan gertura­tzen dela azaldu zuten. Larun­bat eguerdiko jende pilaketak sortu ditzakeen egoerek ere kezkatzen dute sektorea eta horregatik aztertzen eta hausnartzen ari dira ze bitar­teko jarri eta ze neurri hartu, «bisita horiek sagar­doaren, sektorearen eta gure herri eta inguru guztiaren aldekoak izateko, eta ez festa huts bat bihurtzeko. Jendeak sagardo kulturaz gozatzea nahi dugu, atzean dagoena baloratzea, ondo pasatzeaz gain».

800-1.000 lanpostu
Datuei erreparatuz, urtean, 800.000 bisitari inguru izaten dituzte Euskal Herriko sagardotegiek. 10 milioi inguru sagardo ekoizten dira eta horietatik %5a edaten da txotxean. Gainerakoa, botiletara bideratzen da. Eta  sagardogintzak inguruko ekonomian ere eragin zuzena duela azpimarratu zuten: «Txotx garaia eta produkzio garaia kontuan hartuta, 800-1.000 lanpostu tenporal sortzen dira urtean, gehienak txotx garaian. Horrez gain, lanpostu indirektoak, eta bestelako sektoreetan izaten duen eragin ekonomikoa ere haundia da».

Denominazioa, 3 bat urtera
Sagardoaren etorkizuneko erronka, bertakoaren alde egitea dela argi utzi zuten. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardotegiek Eusko Label sagardoa dute eta Sagardoaren denominazioaren bidea egiten ari dira. 3-4 urtera lortuko dela aurreratu zuten.
2014ko uztan, 28 sagardo­tegik egin dute Eusko Label sagardoa, 900.000 litro denera. Nafarroako eta Iparraldeko sa­gar­dogileek ere, beraien sagas­tietatik egiten dute sagardo gehien.
Eta sagarra bakarrik ez, txotx garaiko jakietan ere, bertako produktuak bultzatzea dela gakoa gaineratu zuten.

Esperientzia turistikoak ere bai
Txotx garaiko eta urte guztiko sagardo eskaintza­rekin, Sagardoaren Ibilbidea ari dira osatzen Bizi Sagardoa Elkartea osatzen duten lau herrialdetako eta Iparraldeko sagardogileen eta beste eragileen ordezkariak, sagar­doa­ren kultura zabaltzeko. Web orri berria ere ari dira prestatzen. Udararako mar­txan izatea espero da. Euskal Herri guztiko sagar eta sagardo munduko esperien­tzia desberdinetako erreser­bak egiteko aukera izango da. Gipuzkoako elkarteak eskaintzen du aukera hori: www.sagardotegiak.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!