Dena ala ezer ez; guztia jokoan, bihar

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Zaila, baina ez, ezinezkoa. Hil ala biziko partidua jokatuko du bihar Hernanik. Sailka­penean azken postuan dago, 16 punturekin, eta Universidad de Vigo taldearen kontra jokatuko du bihar, eguerdiko 12:00etan, Anoetako Miniesta­dioan.
Landare oraindik egoera onean ez dagoela eta, Donostian jokatuko dute partidua. Baina zaleei dei egin diete, inoiz baino gehiago, bultz egitera gerturatu daitezen. Izan ere, Ligako partidu erabakiorra izango da biharkoa; irabazten ez badute, Ohorezko Maila utzi beharko dute, datorren denboraldian.

Galdu ezin duen aukera, Vigoren kontra
Biharkoarekin, lau partidu geratzen dira Liga bukatzeko; hala ere, Hernanik bost ditu oraindik jokatzeko, bat atzeratua duela eta. Baina maila mantentzeko juxtu-juxtu da­bil. Biharkoa du azken aukera, gutxienez, maila mantentzeko Play Offetara iritsi ahal izateko.
Universidad de Vigo izango du aurrez aurre, eta horrexegatik da biharkoa, galdu ezineko aukera. Izan ere, Vigo sailkapeneko azkenaurreko postuan dago, Hernani baino 8 puntu gehiagorekin, baina partidu bat gehiago jokatuta.
Partidu erabakiorra, beraz. Hernanik irabaztea lortzen badu, gutxienez, maila mantentzeko azken borrokarako txartela lortuko luke.
Oraingoan bai, zaleen indar guztia beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!