Oso pozik geratu zen Xabier Legarreta Arano, Orixe Sariko finalean egindako saioarekin, ostiralean: «oso gustora aritu nintzen, sentsazio onarekin». Finala bera ere, ederra izan zela nabarmendu du: «gozatzeko moduko saioa izan zen. Maila polita eman genuen sei bertsolariek, eta giroa ere oso ona izan zen, jende asko bertaratu baitzen».
Oso saio parekatua
Arkaitz Oiartzabal Xamoa oiartzuarrak jantzi zuen Orixe Sariko txapela, eta berak jaso zuen bertso onenaren saria ere. Bigarren, Nahikari Gabilondo zarauztarra izan zen, eta gainerako postuak ez dituzte aditzera eman: «baina oso parekatua izan zela iruditu zitzaigun denoi. Oso akats gutxiko saioa izan zen», nabarmendu du Legarretak.
Bere aldetik, azaldu du ezin diola buruari gehiago eskatu: «orain oso gutxi aritzen naiz bertsotan».