Ohorezko Mailan jarraitzeko partidu klaberik badu Hernanik, gaurkoa izango da. Azkenaurreko sailkatuaren kontra ariko da, Vigoren kontra, eguerdiko 12:00etan Anoetako miniestadioan.
Bi muturrak bizi ditzakete hirukoloreek gaur: irabaziz gero, inoiz baino gertuago izango dute talde galiziarra eta permanentziako playoffa jokatzeko aukera, are gehiago kontutan hartuta partidu bat gutxiago jokatu duela Hernanik; galduz gero, ordea, ia ezinezkoa izango dute Ohorezko Mailan jarraitzea. Alde haundiegia litzateke, lau partiduren faltan.
Unerik gozoenean, Hernani
Baikor izateko arrazoiak badauzkate hirukoloreek. Denboraldiko unerik gozoenean daude, joko eta emaitza aldetik. Azkeneko hiru partiduetatik bi irabazi dituzte, Getxo eta Gernikaren kontra; eta VRACen kontra galdutakoan ere, gauzak zail jarri zizkioten liderrari.
Vigok, berriz, behera egin du, denboraldiak aurrera egin ahala. Hernaniren kontra irabazi zuen azkenekoz, 8garren jardunaldian, eta ordutik, hamar partidutan berdinketa bat baino ez du lortu.
Zale guztiei deia, Anoetara joateko
Landare ez dago egoera onean oraindik, eta Donostian jokatu beharko dute hirukoloreek, Anoetako miniestadioan. Horregatik, deialdi berezia egin diete zale guztiei, inoiz baino gehiago, Anoetara hurbiltzeko, taldeari bere babesa erakutsi eta animoak ematera. Partidu klabea baita, Hernanik Ohorezko Mailari eutsiko badio.