Hassanna Aalia errefuxiatu sahararraren kanporaketa bertan behera utzi du Auzitegi Nazionalak, epaiketa bukatu bitartean. «Poz haundia hartu dut, abokatuak jakinarazi didanean», adierazi zion Aaliak Kronikari, albistea jaso ondoren. Epaitegiak onartu egin du, Aaaliak errekurtsoarekin batera aurkeztu zuen kautelazko neurria: «esperantza haundia nuen justiziarengan», azaldu du.
Orain, asilo politikoa onartzen dion erabaki behar du Auzitegi Nazionalak. Baina prozesua martxan den bitartean, behintzat, Estatua berehala uzteko agindua ez da gauzatuko. «Kautelazko neurria onartu badute, ea beste erabakia ere aldekoa den. Baina ez dakigu zenbat luzatuko den prozesua», dio Aaliak.
Bitartean, borrokan jarraitu
Epaiketa bukatu bitartean, borrokan jarraituko duela azaldu du Aaliak: «asilo politikoa lortzeko, eta aktibista bezala, Saharako lurralde okupatuko egoera salatu eta saharar herriari ahotsa emateko».
Eskerrak eman dizkie, lagundu dioten guztiei: «asko eskertzen dut azken hilabeteotan jendeak eman didan babesa, Estatu osoan, Euskal Herrian eta Hernanin».