Errumaniarren komunitateak Hernanin eta Astigarragan duen asentamendua uste baino azkarrago ari da gizarteratzen. Diputazioak aste honetan agerraldia egin du Batzar Nagusietan. Gizarte Politikako Diputatua den Ander Rodriguezek izan zuen hitza, eta azaldu zuenez, kanpalekuaren hiru laurden desegin dira dagoeneko, eta gizarteratze prozesua 2016an bukatzea espero da. Diputatuak babesa eskaini zien Hernani eta Astigarraga egiten ari diren gizarteratze prozesuari: «Arartekoak ‘eredugarritzat’ jo du». Gogoratu zuen, proiektu hau garatzeko lankidetzan ari direla bi Udalak, Diputazioa, Eusko Jaurlaritza eta Romi Bidean elkartea.
«Lorpen garrantzitsuak dira»
Diputazioaren arduradunak azaldu zuenez, 2012an 150 pertsona hasi ziren programa honetan lanean, eta hauetako 42 adin txikikoak ziren. Momentu honetan, 60 geratzen direla jakinazi zuen, eta horietako 15 direla adin txikikoak. Gizarteratze lana ikuspegi integraletik lantzen dela gogoratu zuen: «lantzen diren alderdian artean daude: administratiboa, higieniko-sanitarioa, heziketa, formazio-lanekoa, etxebizitzen sarbidea edo gizarte partaidetza».
Izan diren lorpen batzuk ere, zerrendatu zituen Rodriguezek: «lorpen garrantzitsuak dira: haurren %100 eskolaratua egotea; nagusien %100 enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea; %97 erregularizatuta egotea eta %93k osasun estaldura osoa edukitzea. Balorazioa positiboa da».
Familiek etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunen inguruan ere aritu zen Rodriguez: «zailtasun haundiak dituzte partikularrek eta inmobiliariek atzerritarrei uko egiten dietelako, bereziki, errumaniar ijitoak izaki. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Departamentuari esleipen eskaera berezia egin zaio, hiru familia konkreturentzat. Asentamentuan bizitzen jarraitzen dute ateratzeko prest egon arren, eta inguru normalizatuan gizarteratzek prozesuarekin jarraitzeko prest egon arren. Oraindik ez du erantzun ofizialik jaso».
«Lorpen garrantzitsuetako bat da haurren %100a eskolaratua egotea.
«23 familia geratzen dira»
Rodriguezek jakinarazi zuenez, hasiera batean Hernanin eta Astigarragan bizi ziren 91 familietatik 23 geratzen dira egun: «23 familia horietatik 1 baztertze egoera oso larrian dago; 7 egoera larrian; 8 tarteko egoera batean; eta 7k arazo arina dute eta kanpalekua uzteko traba nagusia etxebizitza lortzeko zailtasuna da».
Aurten 17 familia etxebizitza batera pasatzeko moduan izango direla azaldu zuen, eta beste 6 datorren urtean: «kanpalekua guztia desegingo litzateke eta gizarteratze prozesu arduratsu, integral eta pixkanakakoaren bidez, hiritar eskubidea bermatu dira».
Astigarragako Udala:«pozik gaude»
Astigarragako Udala pozik ageri da eman diren aurrerapausuekin: «pixkanaka irtenbidea ematen ari gara Txalaka pasealekuan zegoen emergentzia sozialeko egoerari. Inork ez zion kasurik egiten kanpaleku horretan zegoen arazoari. Gobernu talde honek arazoari heldu eta irtenbide bat bilatzeko apostu sendoa egin zuen. Datu hauek erakusten digute bide onean jarri ginela orain 3 urte, eta geroz eta gertuago dagoela Txalakan txabola bat bera ere egongo ez den momentua. Esfortzu eta lan haundia dago proiektu honen atzean, baina ondo jokatu genuenaren uste sendoa dugu».
Bide batez, gogoratu dute kanpalekuko inori ez zaiola etxerik eman: «bakoitzak bere alokairua ordaindu behar du. Kanpamenduetan dauden bitartean aurrezkien jarraipena egin zaie, alokatzerakoan nahikoa diru izan dezaten». Baita ere, azpimarratu dute proiektu honek ez duela suposatu astigartar batzuen eskubide gutxitzea: «eman zaien laguntza da, egoera zail batean edozein astigartarrek jasoko lukeena».