«Bildu gezurretan ari da, Garapen Agentzia eratu gabe dago»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Eskualdeko EAJ-PNVren ordez­kariek agerraldia egin zuten asteartean, Astigarra­gan, EH Bilduk eskualdeko Beterri Garapen Agentziari buruz esandakoak gezurtatzeko asmoz: «Erakunde hau ez da eratu, ez dago martxan, eta udalbatzek ez dute agentzia eratzea onartu», azaldu zuten. 
Horrez gain, salatu zuten, EH Bildu herritarrak eta enpresak «nahasi nahian» dabilela, «eskualdeko agentzia eratuta dagoela eta forma juridikoa zehaztea bakarrik falta dela adierazi duelako koalizioak. Baina agentzia eratzea udalba­tzen eskumena da, eta eskualdeko sei herrietatik bakar batek ere ez du erabaki hori hartu, nahiz eta Bilduk hori esan etekin politikoa ateratzeko». Gaine­ratu zuten, gaia Hernani, Astiga­rraga eta Usurbilen bakarrik eztabaidatu dela: «Ezker aber­tzaleak gehiengo absolutua daukan herrietan. Eta hiru kasuetan, erakundeak izango lituzkeen estatutuak bakarrik onartu dira. Beraz, erakundearen sorrera ez da inondik inora onartu». 

«Bide honetatik, agentzia ezingo da egin»
Hiru herriek aurrera egitea erabakiko balute ere, arazoa konpontzeke egongo litzatekeela azaldu zuten: «Izan ere, Garbitaniarekin egin zuten bezala, gardentasun ezaren ildotik lan egiten jarraituko balute ere, Urnieta, Lasarte-Oria eta Andoain ez lirateke erakunde berrian sartuko, ezker aber­tzaleak ez duelako gehiengorik hiru herri hauetan». Horrez gain, Andoainek beste arazo bat daukala gaineratu zuten: «Zor haundia daukanez, ezin da proposatzen denaren moduko erakunde baten kide izan. Egoera horren aurrean, zer saldu nahi du Bilduk? Agentzia ez da eratu, eta ezingo da egin, baldin eta koalizioak atzera egin eta gainerako alderdiekin adostasuna bilatzen ez badu».

«Eragile eta elkarte guztiek -baita Bilduk ere- izango dute iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera. Herri guztien agentzia nahi dugu»

«Lankidetza akordioak lehendik ere badira»
EH Bildu gezurretan ari dela argudiatzeko, honakoa adierazi du: «Eskualdeko sei herriek lankidetza akordioak sinatu zituzten duela urte asko, eta proiektu mordoa egiten ditugu elkarlanean turismoa, enplegua eta merkataritza indartzeko, besteak beste. Baina Bilduk akordio horiek erabili ditu Beterri agentzia eratuta dagoela iragartzeko. Aurkeztu dutena ez da berria. Lankidetza hori abian dago aspalditik».

«Etekin politikoa lortzeko asmoa dauka Bilduk»
EAJ-PNVko ordezkariek gogor kritikatu zuten EH Bildu aldebakartasunetik ari dela; «koalizioak hauteskunde bezperan etekin politikoa lortzeko asmoa daukala uste dugu». Horregatik, mozioak aurkeztu dituzte eskualdeko 6 udalerrietan. EH Bilduri eskatzen diote errespetatu ditzala Udalen erabakitzeko organoak, atzera egin dezala, eta ez ditzala eskualdeko agen­tzia eta Udalak erabili etekin politikoa lortzeko.

Jeltzaleen proiektua, datozen asteetan
Nabarmendu zuten, «diskre­zioa­rekin» lanean jarraitzen duela EAJk, «Buruntzaldearako proposamen parte hartzaile eta beteratzailea egiteko». Datozen asteetan aurkeztuko dute proiektua. «Eragile eta elkarte guztiek -baita Bilduk ere- izango dute iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera. Herri guztiak batuko dituen agentzia nahi dugu: ezker abertzaleak gehiengorik ez daukan herriak eta baita arazo ekonomikoak dituztenak ere batuko dituena, argi baitaukagu eskualdeko agentzia on batek bailarako herritarrei onura besterik ez diela ekarriko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!