LEHENEGO urteko etenaren ostean, berriz ere hemen da Hernaniko Txistulari Txapelketa. Hamargarren edizioa da aurtengoa, eta goiz eta arratsalde jokatuko da Milagrosan.
Goizeko 11:00etan hasiko da txapelketa. A kategorian, 12 urtetik beherakoan, 8 lagun ariko dira: Abadiño, Azpeitia, Donostia, Lietza eta Oriotik etorriak. Hernanik ere izango du ordezkaritza: Manex Zabaleta. B kategorian berriz, 13-16 urte arteko 13 lagunek hartuko dute parte: Atarrabia, Azpeitia, Donostia, Durango, Gasteiz, Iruñea, Orio eta Tafallakoak. Hernaniko partehartzailea Ane Telletxea izango da.
Arratsaldean taldeen txanda izango da. 17:00etan hasita, 5 talde ariko dira: Azpeitia eta Iruñeakoak, eta Hernaniko bi: Akola eta Txilibita taldeak. Sari banaketa 18:00etan izango da.
Festa, bihar
Txistulari festak ez du etenik izango, eta bihar Topaketa egingo dute. 10:00etan hasita, Diana joko dute herrian barrena. Eguerdiko 12:30etan, kalejira eta Ttun-ttuna izango dira Plazan; eta ondoren, Santa Barbara elkartean bazkalduko dute guztiek.