Eliz musika emanaldia emango du Kantuzek, herriko beste abesbatza eta Bandarekin

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Hogeita bost urte egin ditu Kantuz abesbatzak herritarren belarriak goxatzen. Ospakizun urtea dute aurtengoa, eta hainbat ekintza ari dira antolatzean. Gaurkoa ema­naldi berezia izango da, Eliz musika oinarri izango duena. Berezia horregatik, eta berezia herriko beste abesbatza eta Musika Bandarekin eskainiko dutela­ko. San Joan Bataia­tzailea parrokian izango da, iluntzeko 20:00etatik aurrera.

Emanaldiak, bi zati
Eliz musika emanaldiak bi zati izango ditu, eta zortzi abesti. Kantuz abesbatzak hasiko du kontzertua, Pie Jesu abestia­re­kin. Musika Bandak hartuko du erreleboa Diez melodias vascas abestiarekin. Segidan, Ozenki abesbatzak kantatuko ditu Gure aita eta Ave Verum. Hernani Musika Eskolako Dakapo abes­batzaren txanda izango da ondoren, Ave Maria eta Izar ederrak abestiekin. Eta aurre­neko zatiari bukaera emateko, Kantuz abesbatzak kantatuko du Beati Quorum via abestia. 
Emanaldiaren bigarren zatia izango da berezia, kon­tzertuaren ginda. Abesbatza guztiek eta Musika Bandak elkar hartuta eskainiko dute The Armed Man: A mass for Peace lana.
Abesbatzek eta Bandek, bere zuzendarien gidaritzapean es­kainiko dute emanaldia. Hu­rrenez hurren: Igor Arroyo, Roberto Pacheco, Imanol Ka­mio eta Garbiñe Orbegozo. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!