Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, aurten ere Udaleku Ibiltariak antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak. Oraingo honetan, Gipuzkoako kostaldean zehar ibiliko dira gaztetxoak. Hain zuzen, Oriotik abiatu eta Saturraranerako bidea egingo dute. Eta aurten ere lagun berriak egiteko aukera izango dute, Ordiziako gazteekin batera joango baitira.
13-17 urteko gazteak
13 eguneko udalekuak izango dira: uztailaren 6tik 18ra. Eta adinari dagokionez, 13-17 urteko gazteei zuzenduak dira (1998-2002an jaioak). Prezioa: 200 euro bazkideek, eta 245 euro bazkide ez direnek.
Udaleku txikiak, aurtengo berritasuna
Udaleku Ibiltariek urtetik urtera, gero eta arrakasta haundiagoa dutenez, eskaintza zabaltzea erabaki du Doberak. Hori horrela, aurten, Udaleku Ibiltari Txikiak ere izango dira, 10-12 urtekoentzat (2003-2005ean jaioak). Kasu honetan, astebeteko udalekuak izango dira, uztailaren 27tik abuztuaren 2ra. Eta Urumea bailaran zehar izango dira, Hernanitik Goizuetara. Kasu honetan ere, Ordiziako gazteekin batera ibiliko dira.
Prezioa: 100 euro bazkideek; 125 euro bazkide ez direnek.
Ur ekintzak, abentura kirolak...
Hainbat ekintza dibertigarri egingo dituzte udaleku hauetan: ur ekintzak, abentura kirolak, mendi ibilbideak...
Doberak azaldu duenez, «helburu nagusia da euskeraren erabilera indartzea. Baina ez hori bakarrik. Era berean, nahi duguna da, gure gazteek natura errespetatzea, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua izan dezatela. Baita euskal kultura eta ingurua ezagutzea, eta lagun berriak egitea. Eta nola ez, ondo pasatzea!».
Izen ematea zabalik
Bi udalekuetarako, izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Maiatzaren 22a da azken eguna. Dena dela, kopurua mugatua da, beraz, lehenbailehen apuntatzea komeni da. Horretarako, izen emate orria bete behar da, eta dirua ingresatu.
Izena emateko eta informazio gehiagorako: Larramendi 11, behea; 943 33 27 99; dobera@dobera.eus.