Bultzadaz bultzada, mende erdi jada

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Asko eta asko izan dira Lan­dare Tokiko zelaietan hazi eta hezi diren neska eta mutikoak; asko, baita ere, familia horren parte izaten jarraitzen dute­nak. Izan ere, kirol emai­tze­ta­tik haratago, Errugbi Elkar­tea­ren funtzio nagusia izan da umeak eta gazteak kirol jar­due­retara bideratzea eta el­kar­tasuna, adiskidetasuna eta es­ku­zabaltasuna bezalako bali­o­ak irakastea.
Gazte talde baten eskutik hasi zena, Hernaniko kirol mun­duaren erreferente bila­katzera heldu da mende erdiko tartean. Gauza garrantzitsuak lortu dira denbora horretan, eta horren adibide da gaur egun seniorren taldea Oho­rez­ko Mailan egotea. Ez dira ahaztu behar jubenilek 2000 eta 2001 urteetan lortu zituz­ten Estatuko Txapelketak ere.  
Gazte askok jakingo ez du­ten arren, gogoan izan behar da Hernaniko errugbiaren urrezko urteak 1977tik 1987ra bi­tarteko urteak izan zirela. Garai hartan, senior taldea lau aldiz izan zen txapeldunorde Ohorezko Mailan, eta arerio oso gogorren aurka lehiatu zen.

Hernaniko errugbyaren urrezko urteak 1977tik 1987ra bitartekoak izan ziren; senior taldea lau aldiz izan zen txapeldunorde Ohorezko Mailan.

Meritu aparta
Hernanin dagoen errug­bia­re­ki­ko afizioa urteetan zehar egin den lanaren ondorio zu­ze­na da, eta horrelako herri txiki batek errugbiaren mail­a­rik altuenean jokatzeak seku­lako meritua dauka, kontuan izanik, gainontzeko taldeekin ekonomikoki lehiatzea ezinez­koa dela.  
Zentzu horretan, harrobia­ren lanketak garrantzi berezia du. Ikastoletan hasten dira haurrak errugbia zer den ezagutzen, eta gerora klubera saltoa emateko aukera izaten dute. Haur horiek dira etor­ki­zu­nean elkartearen bizirau­pe­na eta arrakasta ziurtatuko dituzten kirolariak.
Bestalde, Urumea ibaiak azken aldian eman dituen buruhausteei aurre egitea ere tokatu zaie, eta baldintza ho­rietan entrenatzea handica­pa izan da klubaren talde guz­tien­tzat. Errealitate horretara ego­ki­tzea besterik ez zaie gera­tzen.

Neskek ere ‘bultz’
Neskak ere badira klubaren his­toriaren parte, eta 2012an talde propioa osatzea lortu zuten. Lehenago ere izan ziren neska errugbilariak, baina mutilen taldeetan aritu izan ziren jokatzen infantil eta kadete mailetan, emakumeen ligarik ez baitzegoen garai hartan.
Senior taldea Euskadiko Txa­pelketan ari da lehiatzen eta hainbat taldekidek Euskal Selekzioarekin ere jokatu dute. Aurre­rantzean taldea egon­kor­tzea dute helburu, jokalari berriak erakarriz eta taldearen egitura finkatuz.  

Garagardo Azoka
Hernani Club Rugby Elkarte­a­ren ekitaldi nagusietako bat garagardo azoka izan ohi da, zaleen eta jokalarien arteko topagunea.  Kluba finantza­tze­ko diru iturri handia da, eta herritarrek asko eskertzen duten ospakizuna, baita ere.  Zentzu horretan, aurtengo Ga­ra­gardo Azoka berezia izango da ziur.
Hernani Club Rugby Elkar­tea, be­raz, mende erdiko bizi­tzaren ospakizunetan murgil­duta da­go, eta hori dela eta, hainbat eki­taldi antolatu dituzte urte ho­netan. Aipa­tze­koa, horien ar­tean, klubaren historiako ar­gazki, prentsa artikulu, garai­kur eta abarren erakusketa. Zorionak HCRE!

 

Juan Rodriguez 'Juanito'

Bizitza bat, familia bat, klub bat

Hernaniko errugbi historiaren sortzaileetako bat eta Hernani Club Rugby Elkarteko gaur egungo presidentea da Juan Rodriguez ‘Juanito’ (Brest, Frantzia, 1952). Landaren, bere bigarren etxean, egin dugu hitzordua eta klubak bete duen mende erdi honen inguruko balorazioa egin du. Adeitasun osoz erantzun ditu Kronikaren galderak.

Nola sortu zen  Hernani Errugbi Elkartearen hazia?
Errugbi taldea sortzeko lehen pausoak Hernaniko Orbegozo zubi azpian eman ziren 1963an. Bertan hasi ziren el­kartzen eta entrenatzen gerora kluba sortuko zuten hiru kide esan­guratsu: Juan Crespo, To­mas Molina eta Joaquin Goi­koe­txea. Haiek izan ziren orain ezagu­tzen dugun guztiaren ha­zia erein zutenak. Donostiako errugbi taldeetako jokalari izanak ziren eta Hernanin talde bat osatzea zuten helburu. Bi urte luzez lan eta tramite ezberdinak egin ondoren, 1965ean konstituzio akta sinatu eta Hernani Club Rugby Elkartea jaio zen.

Nolakoak izan ziren urte haiek?
Hasierako urteak ez ziren batere errazak izan, talde egitura eta instalakuntzen falta zela eta. Entrenatzeko lekurik ez eta talde moduan fun­tziona­tzeko estruktura baten beharra zegoen. Hori gauzatzeko lehen bultzada bi gizon garrantzitsuren eskutik heldu zen: alde batetik, Manuel Adarraga Txokolo; eta bestetik, Iñaki Quesada. Horietatik lehena, kirolari haundia, entrenatzaile moduan aritu zen klubaren hastapenetan, taldea sendo­tzen eta batasuna lortzen ikaragarrizko lana egin zuen, baina ezin izan zuen eginbehar horretan jarraitu, Dom­i­ni­kar Errepublikara joan behar izan zuelako. Iñaki Quesadak, berriz, taldearen kirol arloa ez ezik, klubaren kudeaketa eta lanketa sustatu zituen jokalarien artean. Jokalariek, errug­byira jokatzeaz gain, klubari bestelako ekarpenak egin be­har zizkietela defendatu zuen, hala nola, taldearen antolakuntza eta gestioa eramatea edota finantziazioa lortzea. Taldekideek klubaren bizitzaren parte izan behar zuten.

Garai hartan ba al zen errugbiarekiko zaletasunik Hernanin?
Noski bazegoela zaletasuna, garai haietako argazkiak ikustea besterik ez dago. Jende asko hurbiltzen zen urte haietan Landarera gure partiduak ikustera. Egia da orain, komunikabideen eragina dela eta, errugbi zelaiak gehiago bete­tzen direla eta jokalarien maila asko hobetu dela.

«Errugbi taldea sortzeko lehen pausoak Hernaniko Orbegozo zubi azpian eman ziren, 1963an»

Urteak pasa eta Ohorezko Mailan egongo zinetela uste al zenuten?
Ohorezko Mailan gaude, baina lehenago ere egonak gara kategoria horretan. Esan bezala, gaur egun diru eta kalitate haundiagoa dago zelaietan, eta goi mailan egoteak sekulako meritua dauka. Ez genuen gauden lekuan egotea aurreikusten, baina guztion esfor­tzuarekin lortu dugu.

Zein izan da arrakasta hori lortzeko sekretua?
Lana. Gaztetxoekin egiten den lana, ikastoletan egiten dena, eta familia giroa. Bestalde, egoitza sozial bat egoteak asko laguntzen du, elkartzeko gune bat baita eta horrek giza harremanak sendotzen ditu. En­tre­natu eta jokatzeko bi zelai edukitzea ere luxua da.

«Arrakasta lortzeko sekretua izan da lana. Gaztetxoekin egiten den lana, ikastoletan egiten dena, eta familia giroa»

«Une gozo asko eduki ditut; esaterako, jubenilekin Estatuko txapeldun izan ginenean, edota mailaz igo ginenean Plazan egin ziguten harrera beroa»

Zeintzuk izan dira taldearekin bizi izan dituzun une gozoenak?
Une gozo asko eduki ditut nire ibilbidean, esaterako, jubenilekin Estatuko txapeldun izan ginenean, edota lehen taldearekin mailaz igo ginenean Plazan egin ziguten harrera beroa, besteak beste. Baina guzti horretatik ederrena da jendea pozik ikustea eta balore zehatz batzuekin hezi dela jakitea.

Aurrerantzean goi mailan jarraitzeko aukerarik ikusten al duzu? Zeintzuk dira erronkak?
Herriko jokalariak taldean mantendu eta harrobia lan­tzea dira etorkizuneko erronka nagusiak. Nesken taldea finkatzea ere gustatuko litzaiguke.

Pertsonalki, presidente karguan jarraitzeko asmoa al duzu etorkizunean?
Hogeita hamar urte dira presidente naizenetik eta, oraingoz behintzat, postuan jarraitzeko indarrarekin ikusten dut nire burua. Lantalde nahiko haundia dugu eta egitekoak el­karbana­tzen ditugu, eta modu horretan ez zaigu hain astuna egiten egunerokotasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!