Garapen Agentzia martxan, «langabeziari aurre egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Beterri eskualdeko Garapen Integralerako Agentzia asteazkenean aurkeztu zuten, jendaurrean. Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean du egoitza eta berau inauguratzearekin batera, agentzia dagoeneko martxan dagoela azaldu zuten Beterriko 5 udalerritako alkateek (Astigarraga, Hernani, La­sarte-Oria, Andoain eta Usur­bil). «Juridikoki ez da sor­tu oraindik», azaldu zuten; «ez da posible izan interes politiko batzuk medio, baina horiek ezin dira gizartearen interesen gainetik egon». Horregatik, nabarmendu zuten beste guztia egina dagoela: «Proiektu eta egitasmoak martxan daude, eta eraikin honekin beste pauso bat eman dugu».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo diputatua, Jon Peli Uriguen ere bertan izan zen.

Pertsona ardatz
Azaldu zutenez, Garapen Agentziaren helburu nagusia eskualdeko langabeziari aurre egitea da, «horretarako estrategiak eta azpiegiturak sortuz». Helburu horrekin, «pertsona ardatz izango duen garapen eredua» jarri dela martxan azpimarratu zuten. «2014an, 2 milioi euro bideratu ziren langabetuak kontratatu eta lanpostuak sor­tzeko enpresak laguntzera. Da­goeneko, 600 enpresa txiki eta ertainekin ari gara lanean, 240 enpresa berri sortu dira, eta 300dik gora lanpostu».

«Dagoeneko, 600 enpresa txiki eta ertainekin ari gara lanean, 240 enpresa berri sortu dira, eta 300dik gora lanpostu»

Innoforo eta Kooperatzen, «proiektu estrategikoak»
Martxan dauden bi egitasmo ere aipatu zituzten, «eskualdeko eragile eta erakunde desberdinen arteko elkarlanari esker, aurrera atera ahal izan diren proiektu estrategikoak»: Inno­foro eta Koo­pe­ra­tzen. «Eskual­dearen gaitasuna aztertu nahian, enplegu eta jarduera ekonomikoaren sorkuntza bul­tzatu nahian, Innoforo proiektua garatu da. Eta Kooperatzen proiektuak, enpresa berriak sortzeko gidaritza eskaintzen du», gaineratu zuten. Agentziak, eskualdeko herritar eta enpresei eskain­tzen dizkien beste zerbitzu ba­tzuk ere aipatu zituzten: Enplegu zerbitzua, Ekintzaile zerbitzua, Enpresa zerbitzua, Merkataritzaren sustapena, Turismoaren sustapena eta Sektore sortu berrien edota estrategikoen sustapena.

Agentziaren beharra
Eskualderako, halako agentzia bat sortzea beharrezkoa zela diote bost udalerrietako alkateek: «Gipuzkoako eskualde guztiek egitura egonkorrak dituzte Hernani, Astigarraga, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta eta An­doainek izan ezik. Horregatik, nahiz eta herritarrei zuzendutako elkarlanerako proiektu eta hitzarmen batzuk aurrera eraman diren, ez zegoen egitura formalik. Kontuan izanda eskualde hau Gipuzkoako bigarren eskualde haundiena dela, garapen agentzia propio bat sortzeko beharra identifikatu da eta agentzia honekin, eskualdeko langabeziari aurre egin nahi zaio».

Webgunea ere martxan
Beterriko Garapen Agentziaren webgunea martxan dago eta agentziari buruzko informazio zehatzagoa dago eskura bertan: www.beterri.eus. Zalan­tzak argitzeko: beterri@beterri.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!