Hauteskunde zerrenda eta programaren onarpena, asteartean

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Astigarragako EH Bilduk he­rri batzarra deitu du asteartean. Hauteskundeetarako ze­rren­da eta programa onartzeaz ariko dira. Arratsaldeko 19:30etan izango da EH Bildu­ren lokal berrian (Pelotari kalea, 6).

Xabier Olano diputatugaiaren bisita, aurreko astean
Astigarragako EH Bilduk lokal berria du, «astigartarren idei­en elkartrukerako eta topaleku izateko asmoz jaio dena». Aurreko ostiralean inauguratu zuten eta Xabier Olano izan zen bertan, Gipuzkoako Ahal­dun Nagusi izateko EH Bildu­ren hautagaia. Astigarraga eza­gutzeko aukera ere izan zuen, Andoni Gartzia egungo alkatearen eta alkategaiaren laguntzarekin.  Legegintzaldi ho­netan Astigarragako EH Bilduren gobernu taldeak bideratutako proiektuak azaldu zizkion.
Lehenengo geldialdia Txa­laka pasealekuko kanpamenduan egin zuten. «Kanpaleku horretako errumaniarrak gi­zar­teratzeko Astigarragako Uda­­­lak, Gipuzkoako Foru Aldun­­­diarekin eta Eusko Jaur­laritzarekin batera bideratutako ekimena ezagutu zuen Olanok», nabarmendu du EH Bilduk. Urumea ibaiak Astiga­rragan sortzen dituen arazoak ere azaldu zizkion Gartziak Olanori. Hauteskun­deak irabazi eta ahaldun nagusi bada, gai honetan Astigarragari babesa emateko eskatu zion Gartziak, «nahiz eta jakin, ibaiaren eskumena ez dela Gipuzkoako Foru Aldundiarena». Azkenik, Sa­gar­doetxeraino hurbildu ziren, «sagardoaren kultura zabaltzeko egiten den lana ezagutzera».

«Gipuzkoar guztien interesak defendatuko ditugu»
Olanok Andoni Gartzia eta bere gobernu taldea zoriondu zituen «legegintzaldi honetan egindako lanarengatik». EH Bilduk Aldundi eta Udaletan gobernatzeko bizitu duen egoera zaila aipatuz, «gutxienez pertsona guztiei oinarrizko eskubideak eskaintzea» lortu dela azpimarratu zuen, «politika sozialak indartuz». Eta gaineratu zuen: «politika fiskala izan da legegintzaldi honetako ardatzetako bat, aberatsenei gehiago eskatuta, gutxien dutenei eskaintzeko, eta bide horretik jarraitu behar dugu».
EAJren gobernu baten arriskuaz hitz egin zuen Olanok: «Dagoeneko esan du EAJk egingo dituen lehenengo gauzak: fortuna haundien zerga kendu, eta errausgailua egin. Eta horrelako politikekin atzera goaz, zalantzarik gabe. EAJk, eta bere eskutik helduta datozen PP eta PSEk, bere lagun, bere jaun­txo eta bere aberatsentzako egin nahi dute lan. Konparazio argia da: EAJk bere 7.000 gipuzkoar aberatsen aldeko politikak egin nahi ditu eta EH Bilduk 700.000 gipuzkoarren aldekoak; hau da, gipuzkoar guztien interesak defendatuko ditugu».

«Egindako lanak segida izatea dago jokoan»
Andoni Gartziak ere hauteskundeen garrantzia azpimarratu zuen. Bere esanetan, azken urteetan Astigarragako Udalean egindako lanari esker, herria beste norabide batean jarri dute eta hori mantentzea izango da jokoan maiatzeko hauteskundeetan. Gizarte zerbitzuetan, herritarren partehartzean eta Uda­laren gardentasunean emandako pausoak nabarmendu zituen: «Erronka ugari ditugu aurretik datozen legegintzaldirako. Erron­ka horiei eutsi, ondo egindakoetan sakondu eta ez hain ondo egindakoetan hobetzeko konpromiso sendoa dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!