Astigarragako merkataritza biziberritzeko plan berezia onartu zuen ostegunean Plenoak, aho batez. Merktaritzak egun bizi duen egoera ikusita, iraulia ematea beharrezkoa dela azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak. «Horren aurrean, plan berezia egitea (PERCO) erabaki da udala eta merkatarien aldetik. Herriko diagnostiko bat egin da, eta plangintza. Alde batetik, merkatariekin bildu gara beraien egoera zein den jakiteko. Eta bestetik, 400 inkesta egin dira herritarren artean, herriko erosketa ohiturak zeintzuk diren jakiteko. Datuen estimazio bat eginez, Astigarragak 19,3 milioiko gastua egiten duela urtean kalkulatu dira, eta horietatik, 13,5 milioi Astigarragatik kanpo gastatzen direla. Lan haundia dago egiteko eta inplikatu behar gara Udala eta herritarrak. Oso garrantzitsua da herriko komertzioa mantentzea, herriari bizia ematen diolako eta herritar asko bizi delako bertatik».
Sagardo plaza ingurua egokitzeko, proiektua
Merkataritza biziberritzeko plan honekin, 2015-2019 urteen artean, 40 ekintza aurrera eramatea proposatu dute. Eta ekimen batzuk berehala jarriko ditu martxan Udalak. Alde batetik, hirigintza aldetik egingo dira aldaketak, herria egokitzeko. Eta horretan, Sagardo plazatik Pelotari kalerako ingurua moldatuko dute eta baita Errekatxo ingurua ere, oinezkoentzako erosoagoa eta egokiagoa izan dadin. Lehenbailehen hasiko direla proiektua idazten azpimarratu zuen alkateak: «Halako proiektuetarako Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen ditu eta %80an lagundu dezake. Beraz, diru laguntzak ziurtatzeko beharrezkoa da lehenbailehen hastea».
Lokal hutsei ere, beste itxura bat emateko asmotan dira. 36 bat erregistratu dituztela azaldu zuen alkateak. Horrez gain, komunikazioa hobetzeko pausoak emango dituzte, fidelizazio txartelak bultzatu… Eta baita merkatari (Astiko elkartea) eta Udalaren arteko elkarlana indartu. Udalak aholkularitza zerbitzua jarriko du berehala.
Hiru ordenantza, onartuta
Hiru ordenantza ere onartu zituen Plenoak, alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren. Alde batetik, Partehartze, informazio eta gardentasun ordenantza onartu zen, H1! alderdiaren kontrako botoarekin. EAJ-PNVko zinegotziak ez ziren bertan izan. Alegazioak aurkezteko aukera izan den honetan, bi aurkeztu dira. Alde batetik, EH Bildurenak, gaztelaniazko bertsioa osatzean emakumeenganako erreferentziak ez direlako kontuan hartu (generoa adierazten duten artikuluak: los/las…). Eta bestetik, EAJ-PNVrenak. Horiek ez ziren onartu. Alkateak azpimarratu zuen oso tresna garrantzitsua izango dela herritarrentzat eta inflexio puntu bat markatzen duela udalaren funtzionamenduan.
Bestetik, etxe hutsen alokairua bultzatzeko, diru laguntzak emateko ordenantza onartu zen, aho batez. . «Udala aurrera eramaten ari den etxebizitza politikan beste pauso bat da hau», nabarmendu zuen alkateak. Azkenik, obra txikien inguruko ordenantza ere onartu zen, aho batez baita ere.
Alkatea: «Garapen Agentziaren inguruko mozioak ez du zentzurik»
Beterri eskualdeko Garapen Agentziari buruzko mozioa, EAJ-PNVk sartua, ez zen onartu Gobernu Taldearen aurkako botoekin. Alkateak adierazi zuen mozioak ez duela «ez hanka ez buru». Mozioak honela dio, laburtuz: «Eskualdeko EH Bilduko ordezkariek jakitera eman duten proposamenak legezko baliorik ez du, aurkeztutako erakundea oraindik ez baita eratu; horrez gain, ez dute dagozkien udalerrien osoko bilkuren babesik; eta Astigarragako Udala agentziaren kide gisa sartu dute, eta Udaleko anagrama ofiziala erantsi dute. Hori horrela, eskatzen dugu: Astigarragako Udalak publikoki adierazi eta zuzendu dezala Astigarragan inolako osoko bilkuran ez dela onartu; eta Udalaren anagrama eta armarria berehala kendu dezatela www.beterri.eus web orrialdetik».
Alkateak adierazi zuen Urnietan agian zentzua izango duela, «baina Astigarragan inondik ere ez». «Plenoak onartua du Garapen Agentzia sortzea. Mozio honekin gezurra esaten ari zarete. Lotsagarria da EAJ eta H1!etik adierazten ari zaretena. Gainera, EAJko ordezkariak ez dira Plenora etorri ere egin. Errespetu falta bat iruditzen zait».
Berehala hasiko dira idazten Sagardo plaza inguruko proiektua.
Torturen aurkako eta Udal legediaren inguruko mozioak, aho batez onartuta
Otsailaren 13an 34 urte bete ziren Joxe Arregi hil zela Polizia Nazionalak torturatu ostean, eta torturaren aurkako eta giza eskubide guztien aldeko mozioa onartu zuen Plenoak, aho batez: «Komisarietan tratu txarrak ahalbidetzen dituen legedia idargabetzeko eskatzen dugu eta Auzitegi Nazionalari eskatzen diogu tortura eta inkomunikazioa jasan dituzten atxilotuen kontrako prozesu judizialak bertan behera uzteko».
Jaurlaritzak bultzatu duen Udal Lege egitasmoaren aurrean ere, mozio bat onartu zuten aho batez: «Astigarragako Udalak Jaurlaritzari eskatzen dio, lege egitasmoaren prozeduran epea luzatu dezala, Udalei ekarpenak egiteko aukera irekiz. Udal zein Toki Entitateen autonomia indartzeko norabidean urratsak emateko deia egiten dugu».
Udala, egoera ekonomiko onean
2014ko aurrekontuaren likidazioa ere onartu zen. Azken urte hau ere, emaitza positiboarekin bukatu dela azaldu zuen alkateak: 424.964,45 euro. Pilatutako dirua, gerakina edo remanentea ere, positiboa da: 714.037,30 euro. «Oso egoera ekonomiko onean gaude, ea datozen urteetan ere horrela jarraitzeko aukera dugun», gaineratu zuen.