Urtearen garai honetan hainbat eta hainbat gazte ari dira erabakitzen zein lanbide ziklotan eman izena. Ez da erabaki erraza izaten eta Buruntzaldeko Udalek laguntza eskaini nahi diete gazte horiei, eta animatu, ikasketa horiek euskeraz egitera. Hori horrela, esku-orriak banatzen ari dira 2015-16 ikasturtean Buruntzaldean eta alboko eskualdetan euskeraz egin ahal izango dituzten zikloen informazioarekin.
50 ziklo, aukeran
Guztira 50 ziklo dira B eta D ereduetan eskaintzen direnak: hasierako lanbide prestakuntzan 2, erdi-mailako zikloetan 21, eta goi-mailako zikloetan 27. «Ez da eskaintza makala, beraz», nabarmendu dute.
Eta ikastetxeek aukera ematearekin, euskeraz ikasten dutenen kopurua igo egin da, orokorrean. Goi-mailako zikloetan, adibidez, nabarmen igo da: 2005-06 ikasturtean, 776 ikasleetatik %32k eman zuten izena B eta D ereduetan; 2014-15 ikasturtean, berriz, %54k. Erdi-mailako zikloetan ez da bilakaera haundirik egon, 2005-06 ikasturtetik hona B eta D ereduetan matrikulatutakoen ehunekoa %54an mantendu baita.
Enpresek, begi onez hartu
Udalek azpimarratu dute, Lanbide Heziketa euskeraz egiteak ikasleei laguntzen diela gerora lan munduan euskeraz aritzen, eta bide horretan, konpromisoak ari direla lantzen, ikastetxeekin batera, ikasleek enpresetako praktikak euskeraz egin ditzaten. Eta gaineratu dute: «Enpresek begi onez hartu dute egitasmoa, euskaraz trebatutako langileek balio erantsia ematen baitiote enpresaren jardunari, eta gainera, eragina izaten baitute gainontzeko langileen hizkuntza erabileran».