Musika talde bat sortzeko moduan izanen dira laster Aranon. Eneritz Salaberria, Naroa Egurza eta Unai Muñoz ditugu etorkizuneko musikariak. Eneritz eta Naroa piano ikasleak dira. Unaik, berriz, bateria jotzen du. Egia esan, ez da Aranoko bateria jole bakarra. Bere aita ere berarekin batera aritzen da, semeari jarraituz.
Naroak 9 ute ditu eta orain dela hiru urte hasi zen pianoa ikasten. Beti gustatu izan zaiolako hasi zela dio. Eneritz, berriz, urtebete zaharragoa da eta berak ere hirugarren urtea du pianoa ikasten. Unaik ere 10 urte ditu, 11 egiteko, eta laugarren urtea du aurtengoa bateria ikasten. Txikitatik kazuelak eta tapak astintzen ibiltzen zela dio bere amak eta agian hortik datorkiola afizioa.
Eneritz eta Unai Goizuetan, eta Naroa Donostiako Kontserbatorioan
Eneritz eta Unaik Goizuetako Aralar Musika Eskolan ikasten dute. Goizuetan, 3 dabiltza bateria ikasten eta 6 pianoarekin. Luisa eta Manex dira irakasleak. Naroa ere Goizuetan hasi zen, baina urtebeteren ondoren, Donostiako Kontserbatoriora joatea erabaki zuen. Maila altua dagoela dio. Juncal da Naroaren irakaslea.
Entsaiatu ere serio egiten dute. Eta hiruretan zorrotzena, Naroa da. Egunero ordu erdiz aritzen omen da eta asteburutan ordu bete inguruz. Eneritz eta Unaik ere serio entsaiatzen dute, baina normalean hainbeste denbora ez dutela pasatzen diote. Eta azkenean, dauden etxeko lanen arabera ere izaten dela.
Taldean jotzea gustoko
Aurrera begira, talderen bat sor-tzeak ilusioa eginen liekeen galdetuta, Unaik segituan erantzun du berari asko gustatuko litzaiokeela eta orain ere aritzen dela, musika eskolan. Eneritzek ere badu taldea. Bigarren urtetik aurrera osatzen omen dute taldea musika eskolako ikasleen artean. Unaik gainera Haur Kantari Jaialdian hartu zuen parte taldearekin, lehengo larunbatean. Elizondon aritu ziren eta oso ongi pasatu zutela azaldu du. Hori bai, kexu ere bada. Beti neskekin jotzen duela dio: «Mutil gutxi gaude musika eskolan eta beti neskekin tokatzen zait».
Naroak jendaurrean jo baino, etxean bakarrik nahiago izaten duela aitortu du: «Askoz ere gustorago jotzen dut bakarrik, etxean. Jende aurrean urduri jartzen naiz. Izan ere, nik bakarrik jotzen dut; ez naiz taldean aritzen». Unai berriz gustora aritzen omen da jende aurrean, ez omen du hainbesteko aldea nabaritzen: «Normala, bateriak beti atzean egoten gara taldeko besteen ipurdiak ikusten!», dio. Eneritzek ere nahiago du taldean, jendaurrean jo.
Unaik eta Eneritzek gustoko dute jendaurrean jotzea; Naroak urduri jartzen dela dio.
Emanaldi bat baino gehiago
Dagoeneko kontzertu edo emanaldi bat baino gehiago emandakoak dira. Naroak hiru astetik behin izaten du emanaldiren bat. Normalean, Donostian izaten ditu kontzertuak, baina Andoainen ere aritu izan da.
Eneritz eta Unaik, berriz, gutxiago izaten dituzte, baina herri desberdinetan aritzen dira Aralar Musika Eskolak antolatuta. Goizuetan ere eskaintzen dute emanaldia, ikasturte bukaera aldera. Horrez gain, Unaik Aste Kulturalean ere jotzen du, Leitzan.
Pop-rock eta musika klasikoa
Hirurek, musika estilo desberdinak jotzen dituzte. Unaik pop-rocka eta rocka jotzen omen ditu. «Eta etxean AC/DC taldearen abestiak ere jotzen ditut», dio. Naroak musika klasikoa jotzen du eta Eneritzek pop rocka. Naroari musika mota guztiak gustatzen zaizkio. Hori bai, Bob Marley izan ezik: «Ezin dut aguantatu. Ez zait batere gustatzen». Eneritzek ere ez omen du gustoko. Unairi berriz, asko gustatzen zaio reggaea. Peter Tosh nabarmendu du.
Gustora daude aukeratutako instrumentuekin eta ikasten jarraitzeko asmoa dute. Eta horrez gain, beste instrumenturen bat ere probatzeko gogoa dute. Naroak biolina probatuko luke eta Unaik gitarra. Eneritzek ez dakiela dio, baina seguru behintzat, oboea ez duela probatu nahi. Ez du azaldu zergatik, baina argi du.