Aurten ere Urdaburu zain izango dute mendi lasterkariek

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 28a, 01:00

Aurten ere ez du hutsik egingo Ereñotzuko mendi lasterketak. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa eta azken bi urteetan egindako ibilbidea mantenduko da. Hau da, Aiako Harria Parke Naturalaren lurretan barrena izango da eta Urdaburu tontorra izango da punturik altuena. Guztira, 12 bat km-ko ibilbidea eta 832 m-ko desnibel metatua.

«Herrikoia da, edozeinek parte hartzeko modukoa»
Ibilbidean, jaitsiera teknikoak dituen zati txiki batzuk badira, baina pertsona guztiek egiteko moduko ibilbide ederra dela azpimarratu dute antolatzaileek: «Lasterketa hau herrikoia da eta hasieratik izan duen helburuari eusten dio. Giro ona sustatzea da helburua eta Ereñotzu, Hernani eta inguruko herritarrek parte hartzea nahi dugu. Beraz, edozeinek egiteko moduko ibilbidea da», azaldu du Gaizka Sarasolak.

Paraje zoragarrietan barrena
Ereñotzuko plazatik abiatuko da lasterketa 10:30etan. Han­dik Txilibita baserrira jaitsi eta segituan hasiko da igoera. Larre-gain sagardotegiaren sa­gastien ertzetik pasaz, Arron­doko antenatik igarota, Akola­gainera iritsiko dira. Bertatik, Aiako Harria Parke Naturalaren lurretatik pasako da lasterketa. Hainbat trikuharri eta monumentu megalitikoren aztarnen ondotik pasako dira korrikalariak kaxkoz kaxko eta lepoz lepo, Saratsetako lepua-Ako­latxara-Akolako lepua-Arri­txieta eta Igoringo lepoa lotzen dituen bidezidorretan. Hemen­dik aurrera baso ederretan barrena sartuko da ibilbidea. Bentatxuriko baserriaren albotik Malmazarko putzura igoko dira, Pagosardeko atsedenlekura iritsi arte. Berriro gora eginez, Urdaburuko tontorreraino igoko dira. Beheraka egin, eta Lizarregiko lepotik Artegieta Pagoeta eta Agiñako gainen azpikaldean dagoen Elorrietako lepora iritsiko dira. Usoko errekara jaitsiera azkar bat eginez, Iturralde jatetxearen azpikaldetik erreka gurutzatuz, bidezidor bat hartuko dute Txirritaren jaiotetxetik gertu. Azken metroak egingo dituzte Ereñotzuko plazako helmugara iritsi arte. Jan-edan postua egongo da ibilbidean. Bi ordu eta erdiko denboran bukatu beharko da.

200 lagun, gehienez
Izena emateko epea asteazkenean irekiko da (apirilak 1). www.kirolprobak.com webgunean (150 lagun) edo Ibai Mendin (50 lagun) apuntatu liteke. Gehienez, 200 partehartzaile izango dira. Prezioari dagokionez, aurretik izena emanez gero, 10 euro izango da eta egunean bertan, 13 euro. Goizeko 09:30etatik 10:00etara izango da aukera, dortsalak libre egonez gero.
Lehenengo 3 emakume eta gizonak sarituko dira. Horrez gain, partehartzaile guztiek izango dute opari bana eta zozketa pila ere egingo dira.

Umeen lasterketa ere bai
Iaz bezala, umeek ere izango dute beraien lasterketa. 5 eta 11 urte artekoentzat izango da eta kilometro bateko ibilbidea egin beharko dute. 10:00etan abiatuko dira plazatik. Ira­bazleentzat ez da saririk izango eta parte hartzaile guztiek opari bat izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!