Material natural (egurra, lastoa, buztina…) eta berrerabilien bidez zerbait eraikitzea da bioeraikuntza. Eta teknika hori erakusteko, ikastaroa antolatu du Lurzain kooperatibak Astigarragan.
Laster, Udalak baratza publikoak jarriko ditu martxan, hilerri ondoan. Eta bertako materiala eta tresnak gordetzeko, edota aldagela funtziorako, eraikin bat egin behar da. Hain zuzen, eraikin hori egingo dute teknika honen bidez. «Astigarragako Udalaren apostua eredugarria da. Nekazaritza ekologikoa lantzeaz gain, azpiegitura ere ahalik eta era jasangarrienean egitearen alde egin du», azaldu du Jon Zumalabe Lurzain kooperatibako kideak. Lurzain kooperatiba sortu berria da. Bioeraikuntza bultzatzeko sortu da beste hainbat helbururen artean. Baita energia berriztagarriak, elikadura osasuntsua… bultzatzeko ere.
%100ean jasangarria izango da
Eraikin hau egiteko, material naturalen artean, egurra, lastoa eta buztina erabiliko dira batez ere, eta material berrerabiliak izango dira ateak eta leihoak. «Desegin ezin daitekeen materiala birziklatua izango da. Beraz, %100ean jasangarria izango da», nabarmendu du Zumalabek. Eta honela egingo da eraikina: «Egitura egurrezkoa izango da. Egur arina eta merkea. Listoiak kruzatuta jarriko dira eta egurren tartean, lastoa jarriko da. Ondoren, gainetik buztina emango da. Lurra ere, zorua, buztinezkoa izango da. Teilatuan, berriz, materiala birziklatuz sortutako goma edo kautxua jarriko da, inpermeablea izango dena. Isolatzaile termiko bezala, berriz, zerrautsa erabiliko da. Eta gero gainean, lur begetala eta belarra».
Marco Aresta arkitektoarekin
Marco Aresta arkitekto portugesa aditua da eta esperientzia haundia du bioeraikuntzan eta bera izango da ikastaroa emango duena. Arestak eman izan du lehendik ere bioeraikuntza ikastaroa Astigarraga-Hernanin, 2013an errumaniarren kanpamendu ondoan egin zen hartan.
Eraikina egiten bakarrik ez, buztinarekin modu desberdinetan lan egiten ere ikasiko dela gaineratu du Lurzaineko kideak. Eta baita karearekin ere. «Horrez gain, margo naturalak egiten ikasiko dugu, irina, ura, pigmentu naturalak, esnearen sueroa… erabiliz», gaineratu du.
Buztina eta lastoa Arabatik ekarriko dira oraingoan, baina kasu askotan norberak bere lurretik lortzeko aukera izaten du buztina. Egurra Hernanitik ekarriko da, eta ateak eta leihoak ere Hernani-Astigarragatik lortu dira. Teilatuko lurra, berriz, bertakoa izango da.
Teknika merke eta osasuntsua
Teknika hau erabiliz, etxe edota eraikin sendo eta “normalak” egin daitezkeela azaldu du Lurzaineko kideak, baina ez direla bultzatzen ez delako interesatzen. «Konfort eta goxotasun gehiago izaten dute halako eraikinek. Energia aurrezteko egokiagoak dira eta osasun aldetik, hobeak, ez baita material toxikorik erabiltzen. Onura besterik ez du. Gainera, kontuan izan behar da teknika hauek milaka urte daramazkitela; ez dira berriak. Gizakiak milaka urte daramazki horrela eraikitzen. Eta modu honetan egindako eraikinak badaude oraindik zutik. Etxeak, txabolak, eraikin sozialak… mila gauza egin daitezke. Metodo oso merkea da eta osasuntsua. Pixkanaka zabaltzen joango da, dudarik ez daukagu, beharrezkoa baita».
Ikastaroa, astebete edo bi aste
Ikastaroa astelehenean hasiko da eta lehenbailehen eman behar da izena. Gehienez, 15 lagunentzako dago lekua. Bi astetan egingo dute eraikina eta ikastaroa astebetekoa edo bi astekoa izan daiteke: martxoak 30-apirilak 3; apirilak 6-apirilak 10. Prezioak: 400 euro bi asteak; 230 euro aste bat. Izena emateko: lurzain.koop@gmail.com edo 606 503 997. Inprimakia lortzeko, klikatu hemen.
Animatzeko dei egin dute Lurzain kooperatibatik: «Ikasteaz gain, jendeak disfrutatu egingo du, materialak oso atseginak baitira lan egiteko».