Hileko azken ostirala berezia izaten da euskal preso eta iheslarien senideentzat. Gaur kontzentrazioa deitu dute Plazan, 20:00etan. Lema Euskal presoen elkartasuna ez kriminalizatu izango da. Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.
Gaurko kontzentrazioan salatuko dute, besteak beste, Ibon Fernandez presoaren egoera: «eskubide urraketa da Ibon Fernandezekin egiten ari direna. Gaixotasun kronikoa izan eta errekonozimendua izan arren, espetxean jarraitzen du».
Azkeneko atxiloketak ere salatuko dituzte gaurko kotzentrazioan: «azken atxiloketen artean daude Etxerateko bi kide, Jaiki Hadiko beste bi kide... Atxiloketa hauekin suntsitu nahi dute preso eta iheslariekin dagoen elkartasuna. Gure senideak espetxean usteltzea bilatzen dute, baina ez dute lortuko. Elkartasuna ezin da espetxean sartu, ezta ere sentimendua, borondatea eta pentsaera... Lanean jarraituko dugu, eskubideak urratzen diren guztietan salatu eta jakinaraziko ditugu».
Manifestazioan parte hartzeko deia
Elkartasuna aurrera manifestazioa deitu dute bihar 17:00etan, Anoeta estadioan, preso eta senideen eskubideen alde. Bertaratzeko deia egin dute.