Podemos alderdiaren bueltan taldea sortu zen Hernanin joan den udazkenean. Hilabete hauetan guztietan hainbat bilera eta batzar egin dituzte, ideiak azaldu, zirkuluetako hautagiak aurkeztu eta beste hainbat puntu adosteko. Orain, maiatzeko hauteskundeak dituzte helburu. Podemos ezin da alderdi politiko gisa aurkeztu hauteskundeetara, eta Hernaniko taldeak herri plataforma gisa aurkezteko aukera du: Orain Hernani izenarekin. Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dutenez, Orain Hernaniren nahia da herritarren partehartzea bultzatzea, beti ere, kaleetatik instituzioetara.
500 sinaduren bila
Herri plataforma sortzeko 500 sinadura lortu behar dituzte. Izan ere, hauteskunde araudiaren arabera, Hernanik 20.000 biztanle inguru dituela hartzen da kontuan. Sinadura bilketa jarri dute martxan. Atzo esaterako, azokan jarri zuten postua. Larunbatean berriz, Plaza Berrin jartzekoak dira. Aukera apirilaren 20ra bitartean izango da, eta horretarako zerrendak jarriko dituzte. Sinadurarekin batean NANaren fotokopia eman beharko da.
Ondoren primarioak, hautagaiak aukeratzeko
Herri plataforma gisa aurkezteko behar dituzten 500 sinadurak lortzen badituzte, primarioak deituko dituzte hautagaia aukeratzeko. Edonork aurkeztu dezake bere burua hautagai izateko, Podemosekoa izan edo ez; zerrendako edonor bozkatu ahal izango da, ordena edozein dela ere. Emaitzak apirilaren 27an jakingo dira. Informazio gehiago: http://hernani.ahaldugu.eus edo podemos.hernani@gmail.com.