EH Bilduk Euskal Bidea proposamena aurkeztu zuen orain gutxi, ekitaldi nazionalean, Barakaldoko BECen. Gaur ere, proposamen hori gertutik ezagutzeko aukera izango da Biteri kultur etxean. Rebeka Ubera eta Joseba Permach etorriko dira Hernanira, eta kafe tertulia baten bueltan emango dituzte azalpenak. Moderatzaile lanetan Iñaki Petxarroman ariko da. Gerturatu nahi duten guz-tiek arratsaldeko 19:00etan dute zita, Biterin.
«Guztion onerako da»
Azaldu dutenez, Euskal Bidea ez da soilik abertzaleen mesedetarako: «ez da EH Bilduren eta EHBairen egitasmo partikular bat, baizik eta guzion onerako da. Euskal Herriko nazio nortasunaren bueltan, sentipen eta identifikazio ezberdinak daude, eta horiek demokratikoki kudeatu behar dira. Euskal Bidea eraldaketa eta autoeraketa prozesua da, eta oinarri du parte hartzea».
Hiru pauso
Iragarri dutenez, Konstituzioa erreformatzekotan direla eta eskaera egingo dute: «Estatuari eskatuko zaio Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen onarpena. Hala ere, pentsaezina da Espainiako Estatuak eta Frantziakoak halakorik onartzea. Horregatik prozesuaren aldebakartasuna defendatzen dugu. Azkenik, proposatuko dugu prozesu konstituziogilea abiaraztea. Hiru fase izango ditu: autoafirmazioa, autoeraketa eta autodeterminazioa».