Hitzaldia emango duzu gaur eraikinei egiten zaien azterketa teknikoen inguruan. Zer dira eta zertarako balio dute?
Dokumentu bat da, oso konpletoa. Diagnostiko bat egiten da, eta bertan zehazten da izaera kolektiboa duten etxebizitza edo eraikinen kontserbazioa. Hiru atal ditu: eraikinaren azterketa, irisgarritasuna, eta energia efizientzia. Azken bi hauek 2013a geroztik gehitu dira, eta ematen duten informazioa oso interesgarria da.
Herritarrek ematen al diote garrantzia halako azterketei?
Askok uste dute inposizioa bat dela, paper bat betetzea bezala. Eta hortik haratago dijoa. Herritarrek ez dakite oso praktikoa eta erabilgarria izan daitekeela. Dokumentu honi esker jakin dezakete zein den modurik egokiena eraikinak ondo mantentzeko; eta baita ere, zenbatekoa den prozesu horretan aurreztu dezaketen dirua eta denbora.
Dirua eta denbora aurreztu litezkeela diozu. Nola?
Eraikinek mantenimendua behar dute, eta horren inguruko kontzientziazio gutxi dago. Etxebizitza blokeetan askotan esaten da, denena dena ez dela inorena. Askotan gauzak utzi egiten dira, beste erremediorik ez dagoen momentura arte, eta hori da egin daitekeen okerrena. Kasu horietan, erremedioa zailagoa izaten da, eta diruz ere, garestiagoa. Eta bizilagunen artean ere, buruhausteak eta liskarrak sortzen dira. Kasu batzuetan eskatzen dute inspekzioa, baina gutxitan.
Herritar guztientzat da beraz interesgarria gaurko hitzaldia.
Bai, gaur egungo gizartean ia guztiok bizi gara komunitatean. Gonbitea luzatzen diet: honen inguruan ideiarik ez duenari; epe motzean gisa honetako azterketa bat egin behar duenari; 48-50 urte inguru dituzten eraikinetan bizi direnei, bi urteren buruan gisa honetako ikerketa bat egin beharko baitute; eta baita ere etxean obraren bat egin nahi dutenei.
Hitzaldia ulerterraza izango da. Galderak egiteko aukera ere izango dute, eta bide batez, dituzten zalantzak argitzekoa.
Komunitateentzat tresna interesgarria dela ere aipatu duzu.
Aipatu dudan moduan, eraikinaren diagnostiko bat egingo zaie, eta honen egoeraren berri izango dute. Arazoak zeintzuk diren identifikatuko dira, eta ahal den neurrian, nondik datozen. Arazo hauek larriak diren ere zehaztuko da, eta zeintzuk diren eman beharreko pausuak.
Arazorik ez dagoen kasuetan, hondatzea saihesteko gomendioak emango dira. Azken finean, bilatzen dena da pertsonen segurtasuna eta bizitzeko baldintzak hobetzea.
Zeintzuk dira inspekzioa baliogarria izateko eman beharreko pausuak?
Lehenik eta behin, garrantzitsua da lana aditu bati eskatzea. Profesional hau independentea izatea gomendatzen dut, komunitateak berak kontratatzea. Eta noski, lan guztiek bezala, honek ere koste bat du. Saldoetaz ez fidatzea da nire gomendioa. Argi izan behar da, bi pisuko inspekzio batek eta berrogei pisuko batek ez duela koste bera izango.
Eta nora jo behar da profesional hori kontratazeko?
Arkitekto batengana. Komunitateak ez badu konfiantzazko arkitekto bat, Arkitekto Elkargo Ofizialerara jo dezake. Arkitektoak eraikinaren historia eskatuko dio, eta egin diren obrak eta izan diren arazoak zehaztu beharko dira bertan, egon badira behintzat. Ondoren, bista edo azterketa egingo da; eta segidan, analisia eta dokumentuaren erredakzioa.
Gaur Hernanin emango duzue hitzaldia, baina ez da bakarra. Arkitekto Elkargo Ofizialak hainbat hitzaldi antolatu ditu.
Gipuzkoako iniziatiba bat izaten ari da. Informazio falta sumatu dugu. Herritarrengana, bere ingurunera gerturatzea garrantzitsua iruditu zaigu. Azalpenak eman eta laguntza eskaintzen diegu. Hitzaldi informalak dira, kezka eta zalantzak argitzeko baliogarriak. Bizilagun elkarteek antolatzen dituzte hitzaldiak, inguruan dagoen beharra ikusten baitute. Hernaniarrak gonbidatuta daude gaurko saiora.