ibon Fernandez Iradi euskal preso politikoaren kasua aztertuko dute ostegunean, Frantzian. 2013ko urtarrilean diagnostikatu zioten Fernandezi esklerosi anikoitza, eta orduan hasi zituen tramiteak, zigorra etetea eskatzeko. Ostegunekoa hirugarren audientzia izango da. Ane Fernandez arrebaren esanetan, eskatzen dutena da pertsona orori berez dagozkion eskubideak bermatzea: «gaixotasuna behar bezala tratatzeko, ezinbestekoa da bere zigorra etetea. Espetxean jarraitzeak berez eritasun honek dakarren okertzea areagotu eta azkartuko luke».
2014ko ekainean, ebazpena
Ibon Fernandez 2003 urtetik dago preso estatu frantsesean, eta lau urte pasatxo daramazki gaixo, baina 2013ko urtarrilera arte ez zioten diagnostikatu; tratamendua, bost hilabetera jarri zioten. Bere garaian, bi mediku txosten egin zizkioten, eta bertan argi adierazten zen Fernandezen gaixotasuna eta egoera ez zirela bateragarriak kartzelarekin.
Zegokion epaitegiak 2014ko maiatzean aztertu zuen kasua, eta ekainaren 20an eman zuen ebazpena. Epaitegiak onartu zuen, osasun arazoak medio, zigorra eten egin behar zela, baina bi baldintzekin: Fernandezek Ipar Euskal Herritik kanpo bizi behar zuen eta estatu frantsesean bizitzeko zeukan debekua altxa egin behar zitzaion. Azken erabaki hori beste epaitegi bati dagokio, eta azaldu zuten bitarte horretan ezinezkoa zela zigorra etetea.
Hirrugarren txostenaren eskaera
Ibon Fernandezek helegitea jarri zuen, eta Pariseko Dei Auzitegiak aztertu egin zuen 2014ko irailean, eta urriaren 30ean ebatzi zuen. Helegitea onartu zuen, baina beste bi medikuk egindako hirugarren txosten bat eskatu zuen erabakia hartzeko. Ostegunean izango da azkeneko audientzia, eta apirilaren bukaeran ebatziko dela aurreikusten da. Ostegunean bertan kontzentrazioa egingo dute Baionako udaletxe aurrean 18:30etan, Fernandezek kalean egon behar duela eskatzeko. Bertan izango dira senideak.
«Itxaronaldia ikaragarri luzatzen ari da»
Prozesuaren balorazioari buruz galdetuta, arrebak adjetiboak ditu erantzun: «ondoeza, mina, kezka, egun kaxkarrak, txarrak, okerragoak...». Fernandezen egoerari buruz dio, ez duela zerikusirik gaixo arrunt batekin: «itxaronaldia ikaragarri luzatzen ari da. Ezin zara momentu larrietan medikuarengana joan: batetik, tramiteak eta burokraziak oztopo gaindiezinak direlako; bestetik, ospitalera ateratzeko hartzen diren neurriak oso gogorrak direlako. Gaixo arrunt baten mediku kontsultek ez dute zerikusirik. Besteok egunerokoan ezagutzen dugun testuingurua oso bestelakoa da. Faktore honek modu kaltegarrian eragiten du gaixotasunean, zalantzarik gabe».