Ligaren azken txanpan direnean, goiko postuetako borrokan sartu da Hernani, Ohorezko Erregional Mailan. Aurreko asteburuan Bergarari irabazi, eta liderrarekin berdindu zuen herenegun. Txuri-berdeek bere maila erakutsi zuten Zarkumendegin, eta zail jarri zizkioten gauzak Aurrera taldeari. Saria, puntu bat.
Moralez gainezka ekingo diote, beraz, Ligaren bukaerari, sailkapenean gora egiteko asmoz. Laugarren dago Hernani, 44 punturekin, eta 4 puntura dauka hirugarrena, Tolosa. Aurreneko pausoa, Aloña Mendiren zelaian irabaztea dute; bihar 16:30etan.
Partidu zaila, emakumezkoek
Bihar jokatuko du Hernanik, Emakumezkoen Euskal Ligan ere. Partidu zaila izango dute, bigarren sailkatuaren zelaian ariko baitira, Leioako Emakumeak taldearen kontra. 12:30etan izango da, eta zailtasunak zailtasun, garaipenaren bila aterako dira. Sailkapenean eroso daude hernaniarrak, bederatzigarren, eta 3 puntura daukate seigarrena.
Hiru derbi, asteburuan
Gainerako mailetan, hiru derbi jokatuko ditu Hernanik, Astigarragako Mundarroren kontra: Erregional Preferenteek gaur, 15:30etan Zubietan; Ohorezko kadeteek ere Zubietan jokatuko dute, 17:30etan; eta infantil txikiek Zarkumendegin, bihar 10:00etan. Zubipen ez da partidurik izango, asteburu honetan ere.