Emakumeen arteko bazkari goxoa, urteko egunik bereziena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 14a

Bazkari eder baten bueltan bilduta ospatu zuten Goi­zuetan Emakumearen Nazio­arteko Eguna. 50 bat emakume elkartu ziren elkartean, sabelak goxatu eta elkarrekin kontu-kontari aritzera, emakumeentzat urteko egun seinalatuenetako bat denean. 
Emakumearen Nazioar­teko Eguna martxoaren 8an ospatu zen, baina oraindik ere hainbat ekintza izanen dira, zita hau gogoratzeko.
Bihar bertan, Loreak pelikula jarriko dute, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko ganbaran. Itziar Ituño, Nagore Aranburu eta Itziar Aizpuru dira Garaño eta Goenagak zuzendutako pelikula honetako protagonistak.

Argazki erakusketa, herrian zehar
Horrez gain, aukera dago oraindik Mayar emakumeen inguruko argazki erakusketa ikusteko. Herrian zehar egonen dira jarrita, martxoaren 30era arte. Txiapaseko emakumeen argazkiak bildu dira bertan; Mayar emakumeak, duintasunezko koloreak.

Bioenergetika tailerra
Bestalde, apirilaren 11n Bioenergetika tailerra emanen dute Goizuetan. Bertan parte hartzeko aukera irekia da, baina aurrez izena eman behar da. Apirilaren 10era arte egonen da zabalik izenematea: 948 51 08 40 telefonora deitu, horretarako.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!