Azkenean utzi dugu negua atzean. Atzo bertan, gaueko 23:45etan sartu ginen udaberrian, eta beste 92 egun geratzen zaizkigu aurretik, ekainaren 21ean udaran sartu arte.
Tenporak ere izan dira, dagoeneko, udaberria nolakoa datorren iragartzeko. Egun politak espero dira. Halaxe izango da, Kukua Santa Barbara inguruan entzun duenik bai baita!
Udaberriko tenporak, garizumaren bigarren astean
Urtaro bakoitza nolakoa izango den jakiteko, tenporak begiratzen jakitea izaten da modu bat. Udara nola datorren jakiteko, Mendekostetik zortzi egunetara begiratzen zaie tenporei. Udazkenaren berri izateko, irailaren 14tik hurrengo ostegunera bitartean izaten dira tenporak. Datorren negua ezagutzeko, berriz, abenduaren 13tik hurrengo ostegunera egon behar izaten da adi. Eta udaberriak zer ekarriko digun jakiteko, garizumaren bigarren astetik aurrerako 8-10 egun inguru begiratzen dira.
Hain zuzen, Pello Zabalak udaberria etorri baino 2 aste lehenago izandako tenporak begiratzen ditu.
Pello Zabalak egindako tenporen irakurketaren arabera, udaberri polita dator.
Udaberri polita
Pello Zabalak egindako tenporen irakurketaren arabera, udaberri polita dator. Tenporen aurreneko 2 egunetan euria egin zuen, atertu gabe, eta haizeak iparretik jo zuen. Horra hor, zozomikote egunek ekarriko dutena. Baina hurrengo bi egunetan haizea mendebaldetik sartzen hasi zen, molestatu gabe, eta euria ere gutxixeago egin zuen. Hurrengo 4 egunetan, hego-mendebaldeko haizea ibili zen, goxo, eta euria ere gutxi egin zuen.
Beraz, udaberri polita datorrela ematen du. Gainera, lurra nahikoa bustita da negu honetan ere; Hernani eta Astigarragan orain gutxi izan dira uholdeak, baina eguraldi bikaina datorrenez, ondo bustitako lurrak fruituak emango ditu.
Gereziondo japoniarrari begira
Udaberriko aurreneko egun hauek petral xamarrak izango dira, baina egun politen zain egon besterik ez dago. Hernaniko Lizeaga kaleko 2 koloretako gereziondo japoniarrak gogotik koloreztatuko du udaberria. Ea laster loratzen den!