Udaberrian sartu garen honetan, mendi ibilbideak egiteko eguraldi dotoreak izango ditugu zain. Eta plan ederra izan liteke Aranon barrena, honako ibilbide hau egitea: Letariya, Aranoko Kalbayua. Aste Santua ere gainean dugula ezin ahaztu eta lotura zuzena du ibilbide honek. Gaur egun galdua badago ere, urteetan zehar iraun duen tradizio erlijiosoa da. Aranoko herria inguratzen duten mendi gailurretan zehar, urtero egiten zen pazko 10garren egunean.
Goizean goiz herriko plazatik abiatu eta Gurutze Bidea egiten zuten herriko bost gurutzetan zehar. Gurutzeak: Aranomendi edo Juan Donostiko kalbayua; Ontzorrozko gaina edo Arrinabarretako kalbayua; Unamuno edo Beltsoko itxolako kalbayua; Garagartza edo Iltziarriko kalbayua; eta Intzingo lepua edo Epiñar-sasiko kalbayua.
Juan Donostiko ermita
Ibilbidea, herriko elizaren atzekaldetik hasiko dugu, Juan Donostiraino eramango gaituen malkarra igoaz. Ermitari begira, ezkerraldean dagoen ataka pasa eta gailurrera doan bide xendatik lortuko dugu Aranomendira iristea. Bertan lehenengo gurutzea topatuko dugu.
Errekalko eta Unamuno alderuntz
Bideari jarraituz, San Roke ermitaren gaikaldean gelditzen den tontorretik barrena, Orauneraino jaitsi. Bertan, besteak beste, Añone eta Goizuetara doazen pistei jaramonik egin gabe berriro ere tontorrera igoko gara. Nahiz eta gaur egun desagertuta egon, laister gara kalbarioaren bigarren gurutzea zegoen lekuan, Ontzorrozko gainean. Metro batzuk aurrerago topatuko ditugu Harriurdigain, Arrinabarreta eta Matitxolako gaina. Tontorretik jarraituz, Errekalkoraino ailegatuko gara bata bestearen atzetik dauden mairubaratzen inguruan kokatuz. Eskuinera daukagun ataka pasa eta pistaz pista joanen gara Arteskintako zabaleraino. Hemendik, pagadi baten azpitik paseaz, goruntz joko dugu. Nahiz eta bidea oso garbia ez egon, erraz ikusi daiteke garai bateko ibilbidearen arrastoa.
Unamuno, mugan
Goruntz joko dugu muga egiten duen pinudira iritsi arte. Hesaro bazterretik jarraituko dugu aurrera, eta berehala gara hirugarren gurutzea zegoen tokian, nahiz eta hau ere desagertuta egon. Unamunora ailegatuko gara. Aranok bertan egiten du Elduaien eta Hernanirekin muga.
Azken txanpan
Jaitsiera bizkor batez, berehala gara Soroluxen. Muga egiten duen itxituraren ondotik, Samiel sorora (Zamilara) iritsiko gara. Handik minutu gutxira, berriz, Garagartza (ezaguna Artontor altua, Kalbario-mendia eta Andresen bordako gaina izenekin ere) joko dugu. Metro batzuk aurrera, segituan gaude laugarren gurutzean; Iltziarriko kalbayuan. Ezkerretako itxituraren kontra dago.
Intzingo lepua
Laugarren gurutzea utzi eta Aranoko herria bistan dugula jaitsiko gara aldapan behera. Laharrak hartua dago, zati batean. Hesaroaren ondotik joanen gara aurrera, kurba-kurban dagoen bosgarren eta azken gurutzea topatu arte. Ibilbidetik atera arren, ikusi nahi duenarentzat, 20 bat minutu ingurura dago Euntzingo harri ikusgarria.
Herrira bueltan
Kalbarioaren zirkulua guztiz itxiaz emanen diogu amaiera Letariyari. Urumea erreka ezkerretara utzi eta Epiñarko baserriaren ondotik iritsiko gara Deskargaraño. Aldapan behera jaitsiaz ukituko dugu ibilbidearen punturik bajuena: Latseko zubia, erdi aroko zubi zaharra. Eta Abaño alderuntz doan Latseko errekako putzuzuloetako bati deitzen diote Lamiñosin. Elezaharrak dioenez, bertan egon litezke izaki mitologikoak.
Zubia pasa eta gora abiatuko gara Larratxuri alderuntz. Bertako baserrira iritsi aurretik ezkerretara dagoen atakatik barrena joko dugu Zildegira eramanen gaituen bidezidorretik gora. Puntu honetara iritsi eta eskuinera joko dugu Atakaundi deitzen diogun bidegurutzeraino. Hemen herriko sarrerara eramanen gaituen eta ezkerretara gelditzen den lehengo pista hartuko dugu, Letariyari bukaera emanaz, herriko plazan.