Sei dira Kaizoku Yutax dardo taldean: Ivan Vadillo, Mikel Selegante, Xabi Palazon, Iker Palazon, Arkaitz Salazar eta Alfredo Parra. Lehenengo laurak, Intxaurrondokoak dira eta auzoko taberna batean elkartzen ziren. Bertan dardoetara jokatzeko makina zegoen eta halaxe hasi ziren orain dela 7 urte pasatxo. Taldea osatu zuten. Orain dela pare bat urte berriz, Salazar gehitu zitzaien taldera eta orain dela hilabete batzuk, Parra. Vadillo, Selegante eta Parra Astigarragan bizi dira eta Kaizoku tabernakoei (Kontxa Etxeberria plaza, Urumea Berri) proposamena egin zien dardo makina jartzeko. Orain, Kaizoku Yutax taldearen izenean jokatzen dute.
Denboraldi berria hastear
Gipuzkoako Liga jokatzen dute. Urtean, bi txapelketa izaten dira eta txapelketa bakoitza desberdina da. Batean, Txapelketa Autonomikora joateko klasifikatoria jokatzen da. Eta bestean, Espainiako Txapelketa jokatzeko klasifikatoria. Ondoren, Europara joateko aukera izaten da. Lehenengo sailkatuei, beka bat ematen diete eta dena ordainduta joaten dira txapelketetara.
Eta orain, Gipuzkoako denboraldi berria hastear dira. Datorren astelehenean hasiko da eta Gipuzkoako Liga lehiakorrena izaten da, Espainiako Txapelketako klasifikatoria baita. 250 jokalari eta 38 talde ariko dira lehian, abenduan Madrilera joateko asmotan. Ostegunetan jokatuko dituzte partidak, Kaizoku tabernan.
Azken bi denboraldietan, mailaz igo eta sailkatu
Azkeneko bi denboraldietan, emaitza ezinhobeak lortu dituzte Gipuzkoako Ligan. B2 mailan zeuden eta liga irabazita, B1 mailara igo ziren. Hori horrela, Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkatu ziren. Abenduan jokatu zuten, Santanderren. Bederatzigarren geratu zinen taldeetan.
Bakarka ere jokatu zen txapelketa eta Salazar azpitxapeldun geratu zen. Hori horrela, Europakoa jokatzera joan da Holandara. Aste honetan dabil han.
Eta azken denboraldian ere, B1 mailan, Gipuzkoako Liga berriz irabazi eta A mailara igotzearekin, Txapelketa Autonomikoa jokatzeko sailkatu dira. Salamancan jokatuko dute apirilaren 17-19ra.
Zazpi bidaia egindakoak
Eta orain bakarrik ez, emaitza onak lortutakoak dira zazpi urte hauetan. «Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortutakoak gara eta Europan bosgarren egindakoak ere bai. 2010ean Euskadiko azpitxapeldun izan ginen. Zazpi bidaia egin ditugu dagoeneko», diote.
Txapelketa Autonomikoari begira, ondo pasatzeko asmotan joango direla azaldu dute, helburu jakinik gabe: «Maila haundia egoten da. Hemen irabazten dugu, baina estatu mailako txapelketetan zaila izaten da».
Punteria eta lasaitasuna
Dardoetan ondo aritzeko, punteria bai, baina lasai egotea dela kontua dio Vadillok: «Eta horretan guri asko laguntzen digu pare bat kaña edateak (barrez). Gainera, oso desberdina da hemen lagunartean jokatu edo txapelketetan. Han oso serioak izaten dira partidak eta presioa ere sentitzen duzu, jende guztia zuri begira... Partidatik ez ateratzea da garrantzitsua».
Punteriari dagokionez, entrenatu litekeela diote, baina berezkoa izateak asko balio duela. «Adibidez, Arkaitz orain dela urte pare bat hasi da eta azpitxapeldun geratu da txapelketa bat baino gehiagotan», azaldu du Vadillok.
Finaletan egiten duela huts nabarmendu du Salazarrek: «Bi final galdu ditut dagoeneko. Finaletan oso gaizki moldatzen naiz, nerbioak tarteko». Beste finala Segovian galdu zuen, abenduan, Gaztela eta Leongo Openean. Iker Palazon berriz, irabazitakoa da txapelketa hori.
Mailaz igotzen saiatu
Denboraldiro, mailaz igotzen doazela ikusita, masterrerako pausoa emateko asmotan ote dauden galdetuta, saiatuko direla diote: «Hirugarren mailatik bigarrenera igotzea ez genuen espero eta orain ikusten dugu masterrerako maila bat bakarrik geratzen zaigula. Oso zaila izango litzateke, baina zeinek daki? Saiatu behintzat egingo gara!».