Agur, Goenkale!

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 21a, 01:00

LIDE REKONDO URKIA

Mikel Laskurainek, Miren Gojenolak eta Niko Lizeagak, besteak beste, osatu zuten Goenkaleren lehenengo aktore taldea; 1994ko urriaren 3an, lehen aldiz, Arraldeko kaleetan barrena ikusi genuen kuadrila hura. Hasiera batean hiru hilabeteko proiektua zena -Lizeagak berak ez zion etorkizunik ikusten-, ezustean, arrakasta bihurtu zen. Gaur egun arte gailurrean mantendu den arrakasta, alegia. 
Bukatzerako, hogeita bat denboraldi izango ditu Goenkalek. Hainbeste urteko bide honetan, funtsezkoa izan da unean uneko moldaketak egitea: pertsonaia-, argumentu-, baita leku-aldaketak ere. Aktore taldea maiz aldatzeko premia egon da eta, ondorioz, Goenkale euskal aktoreen eskola izan dela esan izan da. Eskola horretako kide izan dira, Laskurain, Gojenola eta Lizeagaz gain, gutxinaka Goenkaleko familiara gehitzen joan diren gaurko gure beste protagonistak: Aaron Elizari (1997tik aurrera), Ruth Martin (2000 urte ingurutik aurrera), Luna de la Cuesta (2003an) eta Jose Luis Gomez (2010ean).

Ruth Martin: «gauza guztiak bukatu egiten dira».

Bukatzeko beharra ala nahia?
2014ko abenduan iragarri zuen EITBren zuzendaritzak Goen­ka­leren bukaera. Batzuk poztasunez hartu zuten notizia; beste batzuk, aldiz, atsekabez. Miren Gojenolak dioen bezala: «Bukatzeko gogoa zeukanak ez du ikusten eta beste mila gauza dauzka ikusteko; ikusten duenarentzat utziko du hutsune handia». Hala ere, Ruth Martinek dioen bezala «gauza guztiak bukatu egiten dira», eta baieztapen horrekin bat datoz aktore hernaniar guztiak. 
Baina, bukatzeko une egokia al da? EITBk dio azken urteotan audientziak beheraka egin duela nabarmen. Jeitsiera honen errua, ordea, EITBri egotzi dio Niko Lizeagak: «EITBk ez du Goenkale zaindu». Jose Luis Gomezen iritzia ere ildo beretik doa, baina Lizea­garen hitzak haratago doaz: «EITBk telesailaren ordutegia ordubete aurreratuko balu -orain 22:25etan ematen da- ikuslego kopurua hirukoiztu egingo litzateke».

Niko Lizeaga: «EITBk ez du Goenkale zaindu».

Arrakastaren osagaiak
Ukaezina da, ordea, telesaila audientzia liderra izan dela askotan eta, gaur egun, ETB1eko programen artean nabarmen­tzen jarraitzen duela. Arrakas­taren nondik datorren ez dakite Goenkalen parte hartu dutenek, baina, haien ustez, pixuzkoak izan dira hiru osagai hauek: euskara, gertutasuna eta argumentua.
Euskaraz telenobela formatoan egiten zen lehenengo telesaila izan zen Goenkale. Gainera, erabiltzen den hizkera «aberatsa» bezain «ulergarria» eta «herrikoia» dela diote Niko Lizeagak eta Miren Gojenolak. Horregatik, «euskaltegi askotan material bezala erabili izan da euskara irakasteko», Mikel Laskurainek bitxikeri gisa kontatu duenez.
Telesailaren gertutasuna bi zentzutan nabarmendu dute aktoreek: alde batetik, gaien erabileran, gizarte arazoak islatzean, baita ohituretan ere; eta, bestalde, pertsonaien eta aktoreen aukeraketan. Ruth Martinek bigarren honi egin dio erreferentzia: «Telebistan ikusten duzun pertsona zure bizilaguna, zure auzokoa... izan daiteke eta gertutasun horregatik, jendeak sinetsi egiten du. Niri kaletik esan izan didate: ‘utzi Maria Luisa bakean’».
Lehenago esan bezala, argumentua garai bakoitzera moldatuz joan da: garaiko gaiak txertatzeko eta modan dauden estiloak uztartzeko. «Engantxatzen duten argumentuek» ere telesailaren arrakastari asko lagundu diote, Niko Lizeagaren iritziz.

Euskara, gertutasuna eta argumentua izan dira Goenkaleren arrakastaren arrazoi pisuzkoenak.

Betirako gogoan
Arrazoiak arrazoi, Goenkale erraz ahaztuko ez den telesaila izango da. Aktoreen artean, Miramongo estudioetan eman zituzten ordu luzeen ondorioz, badute zer gogoratu: Aaron Elizarik bere fikziozko ama «minbiziak jota» hil zela ez du ahaztuko; Ruth Martinek bere aurpegia eskela batean ikusi zuenean «inpresioa» eman ziola onartzen du; Jose Luis Gomezek «Perurenarekin izandako borroka» barre artean gogoratzen du; Luna de la Cuestak telesaileko beste haurrekin egiten zituen bihurrikeriak ditu gogoan; eta, Miren Gojenolak eta Mikel Lasku­rainek etxean gordetzen dute «Goenkaleko ezkontzako argaz­kien albuma».
Niko Lizeagak, ordea, «telesailak jendearengan sortu zuen erantzuna» gogorarazi nahi du. Erantzun arrakasta­tsu hori beste produktu batekin sorraraztea zaila izango dela pentsatzen dute aktoreetako batzuek. Baina, Goen­ka­leren ezusteko bilakaera ikusita, nork daki? 

RUTH MARTIN
Goenkalen pertsonaia gehien antzeztu dituen hernaniarra da Ruth Martin. «Pertsonaia txikiak izan dira beti», argitzen du Ruth Martinek. Lau pertsonaia izan ditu Goenkaleren hogeita bat urteko ibilbide honetan. Lehenengoa, duela hamabost bat urtekoa, Alicia: lagun bati bere haurraren aita izan zezan eskatzen zion emakumea. Bigarrengoan, Maite izan zen, protagonista baten erizaina. Hirugarren aldian, emagaldu bat. Eta, azkenik, orain urtebete eta erdi antzeztutakoa, protagonista baten hildako ama gaztea zenean. 

LUNA DE LA CUESTA
Itsasoren papera egin zuen Luna de la Cuestak 2003.urtean, denboraldi batez. Ama istripuz hil ondoren, Itsaso umezurtz gelditu berri zen gaztetxoa zen. Ama arraldetarra zuen eta, ordura arte harremanik izan ez bazuen ere, Arraldeko bere aitona Antton zen bizirik zuen familiako kide bakarra. «Denboraldian zehar nire aitonarekin nuen harremanaren eboluzioa ikusi zen», dio Luna de la Cuestak. Pertsonaiak denboraldi bat iraun zuen, baina gerora berriz deitu zioten Itsaso bueltatu zedin: «16 urte nituen eta ezetz esan nuen, horregatik beste aktore batek (Maria Cruickshank) antzeztu zuen urte batzuk lehenago nik izan nuen papera». 

JOSE LUIS GOMEZ
Ali iraniarra antzeztu zuen 2010ean Jose Luis Gomezek. Bilboko Irango Kontsulatuan lan egiten zuela uste zuten denek, baina gerora deskubritu zen Faribaren atzetik etorri zela Euskal Herrira eta hala eman zuen telesail osoa. Bukaera trajikoa izan zuela onartzen du Gomezek: «Azkenean, Ertzaina batek tiro bat eman zidan eta akabo nire pertsonaia». Izan zuen pertsonaia pixuzkoena Alirena izan bazen ere, aktore afizionatu honek beste agerraldi batzuk ere izan zituen Goenkalen: «Estra bezala atera nintzen 1994an, gero esaldi batzuk esan nituen eta, azkenik, Ali izan nintzen, urte batzuk geroago. Hala ere, ni ‘azken tximua’ izan naiz». 

AARON ELIZARI
Jon Mendizabal izan zen Aaron Elizari Goenkalen; Imanol Mendizabalen (Iñaki Perurena) semea zen Jon, familiako gazteena. 1997.urtean hasi zen telesailean eta sei urtez hartu zuen bertan parte: «12 urtetik 18 urtera, ume bat nintzen», dio Elizarik. 

MIKEL LASKURAIN
Telesailaren hasierako aktoreetako bat da Mikel Laskurain. Hasierako ia bost denboraldietan, Laskurain Maria Luisaren (Kontxu Odriozola) iloba izan zen: Felix, ezizenez Puskas. Itsasoan ibilia zen, baita futbolean ere, baina makarra eta trapitxero xamarra izateagatik egin zen ezaguna. Bizitza beltz hori alde batera utzi zuen Amaia (Miren Gojenola), bere bikotea, ezagutu zuenean. Aktorearen esanetan, «Amaiak zuzendu zuen Felix». Hala ere, garai haietan, Maria Luixarekin zituen lixkarrak izan ziren eztabaidagarrienak. Laskurain berak aitortu duenez, «Maria Luisak Felix ez zuen aguantatzen eta ematen zion tratuarengatik kaleko jendea nire alde 
jartzen zen». 

MIREN GOJENOLA
Azken urtebete honetan izan ezik, Goenkaleren bizi­tza Miren Gojenolaren ibilbide profesionalari lotuta egon da ia beti. Hasiera batean, telesaila estreinatu zenean, Gojenolak Amaiaren papera antzeztu zuen. Emakume humila eta langilea, Felixen (Mikel Laskurain) bikotea izan zen, baita Maria Luisaren Boga Boga tabernako zerbitzaria ere. Gainera, alaba bat zuen, Ainhoa (Barbara Goenaga), zeinek telesail hasieran 6-7 urte zituen. Amaiaren pertsonaia bukatzean, Miren Gojenola entseguetako aktore-zuzendari gisa aritu zen, 19garren denboraldian beste pertsonai bat suertatu zitzaion arte: Sor Paresi. «Amaia ezagutu izan zutenek bi pertsonaiak nahastea zaila zen oso desberdinak zirelako: Sor Paresik moja itxura zuen eta, jendearen aurrean, gaiztoa zen», dio Gojenolak bere bigarren pertsonaiari buruz. 

NIKO LIZEAGA
Laskurain eta Gojenolarekin batera, Lizeaga ere telesailaren hasieran agertu zen aktorea da. Gaizka izan zen Goenkaleren lehenengo zortzi urteetan. Gaizka Boga-Boga tabernako Maria Luisa eta Jose Mariren seme zaharrena zen. Hasiera batean jatorra eta formala bazen ere, gero, asko aldatu zen: Nina izeneko kabaretera italiar batekin ateratzen hasi eta, istripuz, hil egin zuen; lehengusu batekin familia osatu zuen... «Gauza asko pasa zitzaizkion eta, azkenean, burua galtzen joan», onartzen du Lizeagak. Hori ez da Niko Lizeagak Goenkalen egindako lan bakarra. Izan ere, Gojenolak bezala, Niko Lizeagak entseguak ere zuzendu zituen 2011-2013 urte bitarteko denboraldietan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!