Herritarrek egindako proposamenak teknikoki, ekonomikoki eta legalki aztertu ostean, 8 proiektu aukeratu ditu Udalak eta orain herri galdeketa egingo du horien artean. Herritarrek erabaki beharko dute Udal aurrekontuko 100.000 euro zertan inbertitu. 8 aukera izango dira galdeketan, baina Udalak adierazi du 13 eskaera daudela laburbilduta aukera horietan.
Herri galdeketa datorren aste osoan zehar egingo da eta herritarrek leku eta ordu desberdinak izango dituzte aukeran, bozkatzeko. Astelehenean bertan, udaletxean bozkatu liteke, goizez, eta Ergobian arratsaldez. Udalak, iaz baino auzo gehiagotara zabaltzeko asmoa du aurten, partehartzea errazteko. 16 urtetik gorako astigartar guztiek izango dute bozkatzeko aukera. Boto bakarra eman liteke.
Parte hartzeko deia
Andoni Gartzia alkateak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera: «Herri galdeketa honek borobilduko du Astigarragak inoiz ezagutu duen Udal Aurrekontu parte hartzaileena. Azken finean, herritarren ahotsa Udalean zuzenean entzuteko bideak ireki eta areagotzea lortu dugu, eta garrantzitsuena, bide horiek sendotu ditugu parte hartze ordenantzaren bitartez etorkizunean ere hau horrela izan dadin. Herritar guztion artean eraiki eta erabaki behar dugu zer nolako Astigarraga nahi dugun eta horretarako tresnak herritarren esku daude. Orain herritarrei dagokie horiek hartu eta erabiltzea!».
Zortzi aukera:
- Hirigune eta industriaguneko asfaltatze lanak: Galtzaur kalearen eta Bidebitarte industriaguneko kale batzuk asfaltatzea
- Kiroldegia berritzeko ekarpen gehigarria
- Ikastolako aterpea osatu, haurren jolas parkea estaliz
- Sagardo Plazaren birmoldaketa
- Multikirol eremua: Skate Park, Rokodromoa...
- Herriko jolas-parkeak berritu
- Anuskako urbanizazioari ekarpen gehigarria
- Obra txikien multzoa: Pelotari kaleko zuhaitzak aldatzea (10.000 euro), Santiomendiko aska berritzea (35.000 euro), Helduentzako parke bat egitea (35.000 euro) eta Donostia ibilbidean oinezkoen segurtasuna areagotzeko neurriak (20.000 euro)