Maila ederrean hasi dute urtea, beste behin, Hernaniko pelotariek. Dagoeneko 8 txapela jantzi dituzte, eta gehiago ere izan zitezkeen, 19 finaletan izan baitira hernaniarrak: «finaletan nerbioek eragin haundia izaten dute, eta ez da batere erraza txapelak lortzea. Baina 19 finaletik 8 irabaztea ez dago gaizki», azaldu du Rufino Rekaldek, Hernaniko Pelota Elkarteko arduradunak.
Urte hasieraren balorazio ona egin du: «bai lortutako emaitzak kontutan hartuta, baina batez ere, daukagun pelotari kopuruagatik». Izan ere, 80 pelotari dauzka Elkarteak: 40 federatuta, eta beste 40 pelota eskolan. Eta horretan nagusi da Hernani, Rekaldek nabarmendu duenez: «momentu honetan, ez dago munduan guk baino pelotari gehiago dauzkan elkarterik, eta oso harro gaude».
«Nagusiak erreferente dira afizionatu mailan»
Hernaniko zortzi pelotarik lortu dute txapelaren bat janztea, eta bereziki, nagusi mailan lortu dituzte emaitza onenak: «Ioritz Arrieta, Paul Ojuel, Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeaga, erreferente dira afizionatu mailan, eta gure pelotari destakatuenak dira», azpimarratu du Rekaldek.
Sasoi onean dira seniorrak, eta Euskal Herriko txapelketan ere erakutsi zuten bere maila, Ojuelek eta Lizeagak, nahiz eta finala galdu. Maila onak, baina, ez die balio izan GRAVNI txapelketa jokatzeko: «sasoi onean daude, baina Gipuzkoako entrenatzaileak beste pelotari batzuk aukeratu ditu».
80 pelotari dauzka Elkarteak: 40 federatu, eta beste 40 pelota eskolan.
Cisneros eta Rodriguez, GRAVNIko trinketean
Egongo direnak, jubenil mailako bi pelotari hernaniar dira: Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguez. Trinketean ariko dira biak. «Aurreneko helburua titular bezala jokatzea izango da, eta hortik aurrera, txapelak irabazten saiatuko dira, baina zaila izango da», dio Rekaldek.
Beste hainbat torneotan ere bilatuko dituzte txapelak hernaniarrek. Gipuzkoako txapelketan, esaterako, azken faserako sailkatu dira hiru bikote: alebinetan bi, eta infantiletan bestea. «Esperantza daukagu lan ona egiteko».
«Herriartekoan, zorte pixka batekin, lanak emango dizkiegu herri guztiei»
Herriarteko txapelketa ere ez dago urruti, eta aukera haundiak ikusten ditu Rekaldek: «aurten ere talde polita daukagu, baina 3 edo 4 herri maila berdintsuan gaude. Pausoz pauso joatea da helburua, baina zozketan zorte pixka bat izanez gero, lanak emango dizkiegu herri guztiei».
Makina bat txapelketa pribatu ere jokatuko ditu Elkarteak, helburu garbi batekin: «ahal den txapela gehien irabazi nahi ditugu, eta ilusio haundia egiten digu Berria txapelketan lan ona egiteak».
Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguez ariko dira GRAVNI torneoan, trinketean.
«Maila oneko pelotariak datoz atzetik»
Kantitatean da nagusi Hernaniko Pelota Elkartea, «nahiz eta konpetentzia haundia izan kirol atzerritarrekin. Oso zaila da futbola, errugbia eta saskibaloiarekin, komunikabideek horietan jartzen baitute arreta gehien», azaldu du Rekaldek. Baina, hala ere, 80 pelotari dauzkate.
Eta kantitatea bakarrik ez, kalitatea ere badagoela nabarmendu du arduradunak: «etorkizun ona daukagu. Zulo txiki bat izan dugu jubenil eta kadete mailan azken urteotan, baina atzetik maila oneko pelotariak datoz».
Zaleen aldetik, ordea, babes gehiago eskatu du Rekaldek: «jende aldetik oso triste gabiltza, gurasoak bakarrik datoz partiduak ikustera. Eta deialdi berezi bat egin nahiko nieke hernaniarrei, benetako abertzaleak badira ez uzteko gure kultura abandonatuta».