Hernanik Añarberi egiten dion ur eskaera %23 jaitsi da 4 urtetan

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 21a, 01:00

Uraren Nazioarteko Eguna da biharkoa, eta Udalak prentsa ohar bidez adierazi du azken 4 urteetan zein konponketa eta be­rrikuntza egin dituen, Her­na­niko ur sarea berritu eta ur kontsumoan aurrezteko.

353.578 euroko inbertsioa, eta %23ko kontsumo jaitsiera
Guztira, 353.578 euroko in­ber­tsioa egin du azken 4 urteetan, %38an Gipuzkoako Foru Al­dundiak lagunduta. Horrekin, ur hoditeria berritu da, ur sare­a­ren nondik-nora­koa ezagu­tze­ko; ur sarea sektorizatu eta informatizatu da; eta ur ihesak edo isuriak detektatu eta konpontzeko 1.708 kontagailu berri jarri dira.
Horri esker, aurreztu egin dela azaldu du Udalak. «2011n ur hornidura sarearen eskaera 1.913.130 m3-koa izatetik, 2014an 1.462.640 m3-koa iza­te­ra pasa da; %23ko jaitsiera izan da. Honek herriari eta inguru­menari sekulako hobekuntza ekarri dio. Ekonomikoki ere aurreztea ekarri du, 2014an, 2011n baino 145.000 euro gutxiago ordaindu baitzaio Añarbeko Uraki».

«2014an, 2011n baino 145.000 euro gutxiago ordaindu zaio Añarbeko Uraki»

Era berean, eskerrak eman dizkie teknikari eta herritarrei. «Guztion artean, sarearen eraginkortasuna eta kalitatea bermatu da, emaitza izugarri onak lortuz, askotan ezku­tukoa den eguneroko lan honi esker, ezagupen haundiko teknikarien elkarlanari esker, herritarren pazientziari esker eta inbertsioari esker».

«Ur isurien aurkikuntzek instalazioaren errendimendua hobetu dute»    
Azken lau urteetako lanei esker lortu da aurreztea, Uda­la­ren esanetan. «Egindako ekin­tza hauekin, izugarri haun­ditu da ur sarearen erren­dimendua. Izan ere, %65eko erren­dimendua izatetik, %85e­ra pasa da. Nahiz eta Hernani haunditu eta abonatu gehiago egon, ur isurien aurkikuntzek instalazioaren errendimendua haunditu dute, ur ez kon­tro­la­tua asko jaitsiz, eta aurrezpen izugarriak lortu dira».
Gaur egun Hernaniko ur hornidura sareari lotuta 7.168 abonatu daude, eta banatze-irakurketa ekipazioaren kude­aketa eta mantenua Udalak egiten ditu. Hernaniarrek kontsumitzen duten uraren %95 Añarbeko Urak hornitzen du, eta gainontzekoa Aparrain, Epelerreka eta Aizpitartetik ekarritako urak dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!