Azoka bete liburu Atsegindegin, irakurleen eskura

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 2a, 02:00

LIBURU azoka dago Hernanin, aurten lehenengo aldiz eta atzo ireki zuten. Maiatzaren 1etik 11ra izango da azoka Atsegindegin. Antolatu, Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatu du, Udalaren laguntzarekin, besteak beste. 20 postu daude, argitaletxe eta banatzaile desberdinenak. Irakurleak eta saltseatu nahi duenak izango du denbora, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:30etara izango baitira postuak irekita.

Berriak eta zaharrak
Antolatzaileen esanetan gusto guztietarako liburuak daude bertan: azkena ateratakoak, hain berriak ez izan arren, tirada dutenak oraindik, ale zaharrak, euskaraz, gazteleraz, helduentzat, umeentzat, aukerakoak... inork ez du aitzakiarik bertara joan eta saltseatzen ez ibiltzeko, horretarako baitago, besteak beste, liburu azoka. Helburua ez baita itsu-itsuan erosi eta saltzea, liburuekin gozatzea baizik. Eta gozatzeko, lehendabizi ezagutu egin behar. Helburua, beraz, liburuak irakurleengana hurbiltzea da, dagoen produkzioa erakutsi eta irakurzaletasuna bultzatea.

Salduenak
Besteak beste, honako liburuak erosteko aukera izango da: Gari Berasaluzeren Elurra ezin da erosi, Jon Arretxeren Morto vivace, jendeak hain gustokoa duen Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea, Asier Serranoren Eskuetan mapak, Aingeru Epaltzaren Lur zabaletan, atera berri den Jose Manuel Odriozolaren Abertzaleak eta euskara, Fernando Morilloren Suminaren estrategia, eta Karmele Jaioren Zu bezain ahul eta Amaren eskua. Gaztelerazko liburuen artean honakoak topa daitezke: hain estimatua den Toti Martínez de Lezearen El jardín de la Oca, Carlos Ruiz Zafónen El juego del ángel, Muriel Barberyren La elegancia del erizo, edota, Ken Folleten Un mundo sin fin.

Gusto guztietarako
Ez da prezisoa azokara liburu zehatz bat erostera joatea. Liburu artean kuxkuxeatzea ere gauza ederra da, eta zer erosi nahi duen argi ez daukanak ere aitzakiarik ez du, gustu guztietarako baitago: haur eta gazteentzako literatura, sukaldaritza liburuak, historia, margolaritza, artea, eta aukerako liburuak, ezberdinak eta merke-merke. Musikak ere izango du bere tartea. Euskal diskogin-tzako ale zaharrak eta berriak eskuratzeko aukera dago, esate baterako, Ruper Ordorikaren azkeneko diskoa, Maite Idirinena, rock musika, eta dagoeneko klasiko bihurtu diren Mikel Laboa eta Oskorri bezalako artisten lanak. Zer irakutzen dugu? Antolatzaileen esanetan, nobela historikoak arrakasta handia izan du, eta du oraintxe bertan, Euskal Herrian. Adibiderik adierazgarriena Toti Martínez de Lezearen liburuen arrakasta da; nobela beltza ere indartsu omen dabil, Jose Javier Abasoloren lanak eta Jon Arretxeren Kleopatra, esaterako. Generoetatik kanpo, irakurleek beste era bateko liburugintza ere eskatzen dute. Antolatzaileek zehaztu dute, ez dela berdin saltzen kostako edo Gipuzkoako herri txiki batean, irakurleak ezberdinak direlako, lehenengoan itsasoko kontuek arrakasta handia dute, bestean, perretxikoek. Hala ere, badaude gaiak guztion interesa pizten dutenak, esaterako, sukaldaritza eta Euskal Herriarekin zerikusia duten lanak, dela entsaioa, dela literatura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!