Lehengo urtean sinatu zuten hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eta Dendarteanek, merkataritza eta ostalaritza sektoreetan hondakinak prebenitzeko. Hernaniko Berriak elkarteko 36 establezimenduk hartu zuten parte; batzuk formazio tailerrak egin zituzten, eta besteek Zero Zabor proiektu pilotuan hartu zuten parte.
2015ean ere kanpainak egingo dira Gipuzkoako 6 herritako bezeroei zuzenduta; tartean, Hernanikoei.
Hain zuzen, asteazkenean Hernanin izan zen Iñaki Errazkin, Foru Aldundiko Ingurumen diputatua, Luis Intxauspe alkatearekin eta Berriak elkarteko merkatariekin, proiektuan parte hartu izana eskertzeko.
Errazkinek azaldu zuen horrelako hitzarmenak oso garrantzitsuak direla prebentziorako eta Zero Zabor bidean pausoak emateko, Zero Zabor filosofia ikustarazteko eta zabaltzeko. «Herritarrak kontajiatzeko balio du, eredu eta ohiturak kontajiatzeko», azaldu zuen. Era berean, gehitu zuen Foru Aldundiak zentzu horretan babesa ematen eta lanean jarraituko duela. «Praktika onen pioneroak zarete. Zorionak bene-benetan, eta eskerrik asko zuen praktika onengatik, Gipuzkoa sostenibleagoa egiten laguntzeagatik».
Intxauspek kanpainaren leloa hartu zuen abiapuntu eta nabarmendu zuen denon artean egingo dela Hernani Zero Zabor. Horrela, herriko komertzioek emandako pausoa eskertu zuen. «Eskerrik asko. Animatzen zaituztegu segitzera».
Formazioa eta Zero Zabor kanpaina
Proiektua lehengo urteko maiatza aldera jarri zen martxan. Aurrena, diagnostiko bat egin zuten, merkatariek hondakinak murrizteko egiten zituzten ekintzak ezagutzeko: bezeroak animatu beren poltsak erabiltzera, harategi eta arrandegietan tupperrak erabiltzea, hornitzaileei kaja eta bandejak itzultzea berrerabili ahal izateko...
Horrekin lotuta, formakuntza tailerrak jarri ziren martxan Gipuzkoako hainbat herritan, hondakin gutxiago sortzen ikasteko. Tailer horietan hartu zuten parte, hain justu, Berriak elkarteko Jaione Kongelatuak, Hoki Lentzeria, Onbit eta Urbieta Kopiak establezimenduek, eta diplomak jaso zituzten asteazkenean.
Bestalde, Zero Zabor proiektu pilotua jarri zen martxan Hernanin, eta Berriak elkarteko 36 establezimenduk hartu zuten parte; 442 kupoi jaso zituzten bezeroengandik, zozketetan parte hartzeko, eta 5.300 praktika egoki martxan jarri ziren.
Kanpaina berria
Aurten bezeroei zuzendutako kanpaina jarriko dute martxan, Ordizia, Urretxu-Zumarraga, Errenteria, Hernani, Azpeitia eta Zumaian.