Lehengo astean hasi zen Nafarroako haur eta gazte kantari jaialdia. Lakuntzan izan zen lehenengo saioa eta gaur, Elizondon antolatu da bigarrena. Bertan izanen dira Goizueta eta Aranoko musikariak. Bikote bezala aurkeztu dira Janire Urdanpilleta eta Naroa Zugarramurdi goizuetarrak. Beraiek kantatuko dute, trikitixa jotzearekin batera, baina laguntzaileak ere izanen dituzte: Ane Apezetxea eta Aiora Apezetxea teklatuan ariko dira, Oier Miranda gitarrarekin eta Unai Muñoz aranoarra, bateria jotzen. Tximeleta taldearen Etxerat abestia eskainiko dute.
Elizondoko Lur aretoan izanen da jaialdia, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Denera, 95 abeslari eta 9 soinu laguntzaile ariko dira gaur.
Jaialdi nagusia, Burlatan
Orain, beste bi jaialdi edo kanporaketa eginen dira (martxoaren 28an, Orkoienen, eta martxoaren 29an, Berriozarren) eta bikote eta talde batzuk aukeratuko dituzte jaialdi nagusian parte hartzeko. Hori, maiatzean izanen da Burlatan.
Nafarroa guztiko eskoletako haur eta gazteak
Xalto eskola bidez apuntatu dira Goizueta eta Aranoko sei musikari hauek jaialdira. Izan ere, Nafarroa guztiko eskoletako haur eta gazteek banaka, binaka edo taldeka aurkezteko aukera izan dute. Eta zonaldekako lau emanaldi horietan, 400 abeslari eta 42 soinu tresna laguntzaile inguru ariko dira.
Garai batean, Nafarroako Gobernuak laguntzen zuen jaialdia antolatzen, baina orain dela urte batzuk utzi zion laguntzeari. Tafallako musika irakasle eta Kantuzale Elkarteko kide batek antolatzen du eta Baztan, Lakuntza, Orkoien, Berriozar eta Burlatako Udalen eta hainbat komertzioren laguntza izan du, besteak beste.