Martxoak 15ean Juan Ramon Leizak Kronikan argitaratutakoaren harira Gobernu talde honek hainbat argibide eman nahi dizkie Hernaniarrei. Lehenik eta behin gure poza adierazi nahi dugu bere idatzian planteatzen den eztabaida mahai gaineratzeagatik. EH Bilduko udal gobernu taldeak argi dauka Zubipe eta Landareko kirol eremuek irtenbide egoki eta iraunkor bat behar dutela, baina era berean oso argi dugu irtenbide hori herritarrekin partekatua izan behar dela eta baita ere bertan dauden eragileen adostasunarekin landutakoa. Juan Ramonek dioen moduan ezinbestekoa izango litzateke horretarako beste kokaleku bat bilatzea, eta horretan ere ados egon gaitezke. Irtenbide hori aurrera eramateko ez dugu oraingoz ez eragileen erabateko adostasunik jaso (gezurra badirudi ere) ezta herritarren aldetik lehentasunezko kontu bat denik. 2013Ko udazkenean Kirol instalazioen egoera eta etorkizuna aztertzeko egindako parte hartze prozesuan Hernaniarrek ez zuten lehentasunezko jo Zubipe eta Landare lekuz aldatzea.
Egoera honen aurrean Gobernu talde honek aukera desberdinak aztertu ditugu, erantzun egokiak bilatzeko asmoarekin eta baita ere momentuan sortutako kalteak gutxitu daitezen. Adibidez beste kokaleku posible baten inguruko txostena eskatu eta eskuratu dugu (zehaztasun gehiago eman gabe kostua izugarria litzaketela aurreratu nahiko genuke). Bertan aztertzen da zein izan daitekeen aukera hori eta baita ere zein kostu eta eragozpen izango lituzkeen. Bestalde kokalekua aldatu gabe ibaiaren eragina gutxitu lezakeen hainbat neurri ere egingarri azaltzen dituen beste lan bat eskatu genuen. Bertan proposatzen diren neurri zehatzak egiteko aukeraz galdetu genion joan den urrian Eusko Jaurlaritzako URA Agentziari (beraien baimena behar baitugu), eta Udalak oraindik ez du horren erantzunik jaso. Bestalde, momentu honetan eta Zubiperen kasuan konponketa lan sakonago batzuk egiteko ahalegina egingo dugu uholde hauek sortutako kalteak baliatuz.
Juan Ramonek dioenarekin ados gaude, lehentasuna jarduerari eman behar zaio, eta kirol zelai horietan egiten denari bereziki (futbola, errugbia eta eskola kirola), horrek esan nahiko luke, gure ustez, jarduera horiek egiteko aukerak aztertu eta landu beharko luketela herritarrek, eragileek (Kirol Elkarteek) eta alderdi politikoek, albo batera utziz beste jarduera batzuk.
Azkenik, arazo honi eman dakiokeen irtenbidea ez dugu uste hauteskunde batzuen harira landu behar denik. Irtenbidea sakon aztertua eta adostua izan behar du eta hori lehia politikotik atera beharko litzatekeela uste dugu, herriarentzat izan ditzakeen ondorio eta eraginak handiak baitira. Dena den, EH Bilduko Gobernu Talde honek bere borondate irmoa adierazi nahi du gaia landu, aztertu eta sakontzeko sor daitezkeen gune eta esparruetan modu eraikitzailean parte hartzeko.
Beñat Amenabar Perurena eta Luis Intxauspe Arozamena, Udal Gobernuaren izenean