Bi urteren ondoren, berriro ere Korrika badator, Hernanira. Ofiziala larunbatean iritsiko da, baina gaur herriko gaztetxoenen txanda izango da, lekukoa eramateko.
Goizeko 10:00etan atletismo pista inguruan ariko dira txikienak; Ternez harategiaren ondotik hasi eta Haur Eskolara. 11:00etan, berriz, Lehen Hezkuntzako ikasleak aterako dira Txillida pasealekutik; Meabeko sarrera, Txirrita, Izpizua, Urumea ikastola, Lizeaga kalea eta Gaymur eraikina pasako dituzte, Plazan bukatzeko. Azkenik, DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketako ikasleak 12:30etan aterako dira Tellerigainetik; Txantxillako errotonda, Atsegindegi, Zinkoenea, Karmelo Labaka, berriro Zinkoenea eta, azkenik, Plaza, pasako dituzte korrika, testigua eramanez.
Ostiralean, Orkolagan
Giroa jartzeko asmoz, ostiralean 17:30etan Patata Tropikala antzerkia izango da Orkolagan, eta jarraian, peto tailerra. Apalatxe taldeak ere kontzertua emango du, 19:00etan.
Larunbatean, Korrika
Goizeko 10:00ak inguruan iritsiko da Korrika Hernanira, eta Orkolagan egun osoko festa izango da segidan.