«Garapen Agentziarekin, legea betetzeko exijitzen diogu Bilduri»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 18a, 01:00

Beterriko Garapen Agentzia aurkeztu  zuten ostegunean, eskualdeko 5 udalerritako al­kateek (tartean, Astigarra­gako alkateak). Horren hari­ra, prentsa oharra bidali du eskualdeko   PSE-EE alderdi­ak. Sozialistek salatu dute EH Bildu kea saltzen ari dela langabetuak engainatuz, eta exijitzen dio serio jokatzeko eta  legea betetzeko, Garapen Agentzia sortzerakoan.
«Ze seriotasun du Bilduk alderdi guztiak kontra dituen txiringito bat martxan jarrita, eskualdeko udalerri guztiak parte izan gabe, izaera juridiko definiturik gabe, edo hainbat udaletxetako idaz­kari eta kontu-hartzaileen txosten ba­tzuk ilegala dela badiote? Eta nola esan dezakete zintzilik geratu diren gauza batzuk bakarrik direla, oinarrizko kontuak direnean?», diote.

«Hainbat udaletxetako idazkari eta kontu-hartzaileek diote ez duela legea betetzen»

«Figura juridiko egokia, Mankomunitatea da»
Sozialisten esanetan, Eskual­deko Garapen Agentziak ezin du interes partidistarik izan. Hori horrela, erakunde honek hasieratik publikoa eta gar­dena izan behar duela diote: «Sozialistontzat, figura juri­diko egokia Mankomuni­tatea da. Figura juridiko hori erabiltzen da eskualdeko udaletxeek osatzen duten erakunde publiko gehienetan. Figura juridiko publiko bat, kontrolekin, non Idazkari eta Diruzain karguak udaletxee­ta­ko funtzionarioek beteko dituzten jardun publiko eta gardenarekin. Eta ez Bilduk nahi duen bezala, inongo kontrol motarik gabe».

«Penagarria da, erabilera elektoralista»
PSE-EEk gaineratu du, pena­garria dela Bilduk «ustezko Garapen Agentziaren sorrera­rekin» egiten duen erabilera elektoralista, Udal Hautes­kun­deetarako bi hilabete falta direla.
Horrez gain, exijitzen diote Bilduri ez ditzala instituzioak nahi bezala erabali: «Lasarte-Oriako eta Urnietako Udalek erakutsi zuten kontrako ja­rre­ra Bilduk aurkeztutako esta­tutuen aurrean. Eta oso harri­tuta gaude osteguneko pren­tsaurrekoan Andoaingo alka­tea ikusita, Bilduk hasie­ratik oztopoak jarri baitiz­kio agen­tziaren barruan sartzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!