balentria baino zerbait gehiago behar zuen atzo Hernanik, VRAC liderrari irabazteko. Valladolideko Pepe Rojo zelaian jokatu zen partidua, eta 44-20 nagusitu ziren etxekoak. Irabazi ezean, bonusarekin itzultzea zen hernaniarren asmoa atzo. Ez zen ordea hala izan, eta punturik gabe egin zuten buelta.
Partidua aurretik hasi zuen Hernanik, Ander Larretxeak 4garren minutuan gauzatutako zigor kolpeari esker. Gaztelarrak ordea, segituan eman zioten buelta partiduari. Bi entsegu egin zituzten eta horietako bat ertzetik gauzatu zuten. Zigor kolpe bat ere gauzatu zuten, eta 17-3 joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala haunditu zuen tartea Valladolidek, eta erritmoa baretu egin zuen. Hernaniarrek orduan estutu zuten, bi entsegu eginez; biak, Peio Perezek. Azkeneko minutuetan Hernanik ezin izan zuen nahi bezala jokatu: min hartutako jokalariak, 10 minutuz kaleratutakoak... Nagusitasun horri etekina atera zion VRAC taldeak. Bonusa lortzen saiatu zen Hernani, baina Otegik egindako hirugarren entsaioa ez zen nahikoa izan.
Hurrengo zitan du burua orain Hernanik: martxoaren 29an hil ala biziko partidua dute etxean, Vigoren kontra.