Garapen Agentzia aurkeztu zuen EH Bilduk ostegunean, eta Burutzaldeako PSE-EE alderdiak prentsa oharra bidali du horren harira. Bertan dio, EH Bilduk kea besterik ez duela saltzen, eta langabezian dauden herritarrak engainatu egiten dituela: «ze seriotasuna du Garapen Agentziak, oposizio osoa txiringitoaren kontra badago? Eskualdeko herri guztiak ez badatoz bat? Forma juridiko definiturik ez badu? Udaletxe batzuetako idazkari eta interbentoreen informe batzuk ilegala dela badiote? Bilduren ustez, hauek fleko hutsak dira; gure ustez ordea, ondo funtzionatzeko oinarriak dira».
PSE-EEk oharrean dio, ez duela ulertzen Bilduren jarrera: «Bilduk nahi du datozen hilabeteetan sei herriak Garapen Agentziaren barruan egotea. Nola? Ez dute gainontzeko alderdiekin akordioetara iritsi nahi izan. Txiringitoa kontrolatu nahi dute, eta horretarako beraien neurrira sortu nahi izan dute».
«Interes politikoetatik
haratago egon behar du Garapen Agentziak»
PSE-EE alderdiaren ustez, interes politikoetatik haratago egon behar du Garapen Agentziak: «hasieratik publikoa eta gardena izan behar du. Mankomunitate izaera izan behar du. Eskualdeko Udalak dauden Erakunde Publiko gehienek izaera hori dute. Izaera juridiko publikoa, Idazkari eta Tesorero karguek kontrolatua. Postu hauek Udaletako funtzionarioek bete behar dituzte, modu publikoan eta gardentasun osoarekin. Eta ez Bilduk nahi duen moduan, inongo kontrolik gabe».
PSE-EEk dio lotsagarria dela Bildu egiten ari den erabilera elektoralista: «ustezko Garapen Agentzia hauteskundeak baino bi hilabete lehenago sortu dute. Kea ari dira saltzen. Eskatzen diegu Instituzioak komeni zaien bezala erabiltzeari uztea. Lasarte-Oria eta Urnietako Udalak estatutuen kontra azaldu ziren. Harritua gaude prentsaurrekoetan Andoaingo Alkatea ikusi izanaz; Bilduk hasieratik jarri izan baititu trabak bere inklusiorako»