Sagardoaren alde lana egiteko lau kofrade berri izendatuko ditu gaur Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Tolare Kofradiak: Ainhoa Arteta, Eva Esnaola, Maria Jesus Iturbe eta Ozenki Abesbatza. XXgarren kapitulua izango da gaurkoa, eta bertan lau Ohorezko Kofrade berrien ibilbidea eta lana goraipatuko dira.
Ibilbide haundiko lau kofrade
Ainhoa Arteta izen haundiko sopranoa da mundu osoan; tolosarra opera abeslaria da. Eva Esnaola atleta internazionala da, sekulako markak egindakoa ibilbide osoan. Maria Jesus Iturbe ostalari ezaguna da, Rioja tabernan sagardoaren alde lan asko egindakoa. Eta Ozenki Abesbatzak 20 urte egin berri ditu; bertako eta inguruko herrietako abeslariek osatzen dute eta dozenatik gora kontzertu ematen dituzte urtero.
Festa eguna, gaurkoa
Euskal Herri osoko eta espainiar eta frantziar estatuetako kofrade desberdinak etorriko dira gaur Hernanira: odolkiarena, txakolinarena, gaztarena, izokinarena, antxoarena, zainzuriena... 11:00ak aldera elkartuko dira Xalaparta elkartean. Ondoren, desfilea egingo dute Kaxkoan barrena, Musika Bandaren laguntzarekin. Ekitaldi nagusia Biterin izango da 13:00etan. Eta eguna borobiltzeko, Larre-Gainen bazkalduko dute.