«Pelota mazizarekin hasi berriak gara eta ikastea da helburua»

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 14a

Uxue Galarretak (14 urte) eta Garoa Mungiak (15 urte) atzo ekin zioten Udaberri Txapel­ketari, Astigarragako Txo­miñenea pelotalekuan. Zizur­kilgo Ziotza taldeko bikotea izan zuten aurkari eta 30-13 galdu zuten; hala ere, gustura ziren egindako lanarekin.

Mazizarekin, hasi berriak
Galarreta eta Mungia kadeteak dira, berez, baina jubenil mailan dabiltza, kadeteetan ez baitago jende nahikorik.
Federatu bezala, aurreneko denboraldia dute eta pelota mazizarekin «serio» jokatzen duten aurreneko denboraldia da, baita ere. «Orain dela bi urte hasi ginen zerbait joka­tzen, baina federatuak izatean, orain partidu guztiak halaxe dira eta kosta egiten zaigu pixka bat», azaldu dute.
Federatu gisa, Gipuzkoako Txapelketa bakarrik jokatu dute orain arte eta ez dela bat ere ondo joan adierazi dute: «Esan bezala, oraindik mazizarekin ohitu gabe geunden eta ez gara oso ondo moldatu». Udaberri Txapelketari begira, hobetoxeago ibiliko diren esperantza badute.
Hala ere, oso maila haundia dagoela diote: «Batez ere, Zizurkilgoek jokatzen dute oso ondo. Eta baita Alegia edota Anoetakoek ere. Herri horietan oso ondo moldatzen dira».

5 bat urte palan
Galarreta eta Mungia batera hasi ziren palan. Emakumea Pilotari ekimenak bultzatuta, probatzea erabaki zuten. Gustatu, eta jarraitu egin dute. Orain dela 4-5 urte hasi zirela gogoratzen dute.
Eta beraiek bakarrik ez, Astigarragako beste 4 lagun ere hasi omen ziren: «Bik urtebete bakarrik egin zuten eta beste biek, 2-3 urte. Guk hemen segitzen dugu, berriz». Eta aurreko urtera arte, Miren Busto ere beraiekin ibiltzen zela azpimarratu dute. Hirurak aritzen ziren txandaka.
Galarretak aurrean jokatzen du eta Mungia da atzelaria. Elkarrekin aritu izan dira beti.

Laguntza, entrenatzen
Astean bitan entrenatzen dute Astigarragako pelotalekuan. Asier Salaberria astigartarra da beraien entrenatzailea. Eta bestelako laguntza ere izaten dute entrenamenduetan. Hain zuzen, Hernaniko Amaia Azkue palista azaltzen da ahal duenetan eta baita Maialen Arriza­balaga astigartarra ere. Partiduak jokatzeko eta beste gauza askotarako ondo etor­tzen dela diote, eta eskertzen dute laguntza Astiga­rragako bi palista gazteek. Oste­gunean ere, laurak elkartu ziren entrenatzeko.

Ondo pasa eta ikasten jarraitu
Txapelketari begira, ez dutela helburu jakinik azaldu dute: «Bueno bai, Hernaniri irabaztea», dio barrez Galarretak, Azkueri begira. «Ahal ditugun partiduak irabazi nahi ditugu, baina orain, hori baino inportanteagoa da ikasten joatea. Hasi berriak gara eta ikastea dugu helburu», gaineratu du Mungiak. Eta etorkizunera begira ere, halaxe diote: «Palan jokatzen jarraitu nahi dugu, ikasten segi eta ondo pasa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!